Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo berezi bat erabiliko dute aurtengo jaietako ekitaldi jendetsuak zaintzeko. Zeledonen jaitsiera, Farolen Prozesioa, Egunsentiko Arrosarioa eta Zeledon eta Neska Txikiaren jaitsiera izango dira segurtasun plan espezifiko bat edukiko duten ekitaldiak.
Polizia Koordinaziorako Batzordeak erabaki du sexu-askatasunaren aurkako delituak prebenitzea eta salaketak kudeatzeko gune gehiago ezartzea izatea dispositiboaren ardatza. Halaber, beirarik gabeko seigarren txupinazoa izango denak 35.000 lagun batzea aurreikusten da. Beirazko botilak edo debekatutako beste elementu batzuk ez direla sartuko bermatzeko, sarbideetan hamaika kontrolgune jarriko dira. Txupinazoa behin bukatuta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak garbiketa taldeei laguntza emango diete eta uneoro ebakuazio-bideak erabilgarri daudela bermatuko dute.
Bestalde, etxera itzultzeko ordu tarteak eta ohiko ibilbideak bereziki zainduko ditu planak, sexu-askatasunaren aurkako delituak prebenitzeko. Zaintza auzo periferikoetaraino ere hedatuko da. Halaber, salaketa bar jartzea nahi duten herritarrek hala egiteko gune gehiago izango dituzte. Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoa eta Jose Erbina kaleko Udaltzaingoaren komisaria ordutegi jarraituan egongo dira erabilgarri abuztuaren 4tik 10era arte.
Gasteizko Udalak 2023ko Andre Maria Zuriaren jaietan 564 delitu erregistratu zirela jakinarazi du. Horietatik 462 ebasketak izan ziren, telefono mugikorren lapurretak nabarmendu ziren eta 53 pertsona atxilotu zituzten.