Emakumeen esku pilota eta pala protagonista izango dira berriz ere Foru plazako frontoian Gasteiz Pilota Masterraren laugarren edizioan. Finalerdiak uztailaren 25ean eta abuztuaren 6an jokatuko dira, goizez eta arratsaldez, eta bi modalitateetako finalak abuztuaren 8an izango dira.
Uztailaren 25ean, Blusen eta Nesken Egunarekin batera, 12:30ean esku pilotako lehen finalerdia jokatuko da eta, 18:00etatik aurrera, palako bi partiden txanda izango da. Abuztuaren 6an, berriz, esku pilotako bigarren finalerdia jokatuko dute 12:30ean eta bi modalitateetako finalak abuztuaren 8an, ostegunean, jokatuko dira 11:30etik aurrera. Eguraldi txarra eginez gero, partidak Ogeta pilotalekuan jokatuko dituzte.
Txapelketaren xehetasunak goizean aurkeztu dituzte Ana Lopez de Uralde Kirol eta Osasun zinegotziak, Iker Gereta Arabako Euskal Pilota Federazioko presidenteak eta Aitor Ruiz de Luzuriaga Arabako Euskal Pilota Federazioko teknikariak. Kirol eta Osasun zinegotziak nabarmendu duenez, Foru plazako frontoia " toki ederra eta berezia da, baina aldi berean gogorra pilotarientzat". Hala, herritarrak animatu nahi izan ditu erdigunean dagoen pilotalekura joatera "giro onaz gozatzeko eta 16 pilotari horien izaera, borroka eta entrega gertu-gertutik ikusteko".