Elkarrekin udal taldeak lizentziarik gabe funtzionatzen duten etxe turistikoak identifikatzeko eta kontrolatzeko eskatu du, Gasteizen "tipologia horretako etxe gehiago azaldu direla" azpimarratuz. Udal taldeak mozio bat defendatuko du datorren ostiraleko udalbatzan. "Gasteizko negozioen artean ezin da egon desberdintasunik, berdin dio zein motatakoak diren. Denek eduki behar dituzte baimen agiriak zuzen, izan okindegiak eta izan pisu turistikoak", adierazi du Oscar Fernandez zinegotziak.
Erregistro ofizialaren datuak eta INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuak gurutzatzean irregulartasunak atera direla ohartarazi du taldeak. Erakundeak azaldu du 177 etxebizitza direla ostatu turistiko gisa funtzionatzen dutenak, baina ofizialki 104 soilik erregistratuta daude, Elkarrekinek nabarmendu duenez. Ondorioz, Eskubide Sozialen eta Kontsumoaren ministerioak abiaturiko ikerketan parte hartzeko eskatu dio tokiko gobernuari. Halaber, "aurrea hartzea" ere eskatu dio, "etorkizun hurbilean ez dadin zona masifikaturik" egon Gasteizen, eta ondorioz horrek "ez diezaion erasan alokairuaren merkatuari".
Fenomenoa bereziki Zabalgunean eta Alde Zaharrean gertatzen ari dela azpimarratu dute. Etxe turistikoen kopurua areagotzeak alokairuen prezioak "nabarmen" igoaraziko dituela gehitu dute, "herritar asko etxeak abandonatu beharrean" utziz. Aurrea hartzeko, Erdi Aroko hirigunea eraberritzeko Plan Berezi Integratua Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin "harmonian" egon dadila eskatu dio.