VT etxebizitza turistikoen plakei lehiakidea atera zaie Gasteizen. "Hemen auzokideak bizi dira - Etxebizitza turistikorik gabeko komunitatea" dioten plakak ezarri dituzte Alde Zaharreko etxe batzuetan, Aiztogile eta Pintore kaleetan. Modu honetan adierazi dute bertan ezin dela etxebizitza turistikorik egin, bizilagunen erabakiz. Zaharraz Harro jaien baitan kalejira antolatu du Auzoan Bizi etxebizitza sareak, auzoko etxebizitza turistikoak salatzeko eta omenaldia egiteko hauen aurka azaldu diren komunitateei.
Komunitate bakoitzak erabaki dezake ea etxebizitza turistikorik izan nahi duen eraikinean. Gasteizko hainbat komunitatek aldatu dituzte estatutuak eta debekua ezarri dute. Alde Zaharrean gutxienez hiruk egin dute jadanik, eta beste hainbat daude bidean, Auzoan Bizik jakinarazi duenez. Etxebizitza sareak ohartarazi du etxebizitza turistikoek "jasangaitza" egiten dutela bizilagunen eguneroko bizitza, auzoaren erabilerak aldatuz, prezioak igoz eta udal politiketan eraginez. "Etxebizitzak negozio turistikotik ateratzeko keinu txiki hauek hedatzea" espero dutela adierazi dute, esanez oraindik "garaiz" daudela turistifikazioaren eragina geldiarazteko.
Pisu turistikoak debekatu dituzten komunitate bateko kidea da Alaitz Amundarain. Aleari adierazi dionez, "auzokideak eguneroko elkarbizitzan eta harremanean" bizi nahi dutelako hartu zuten erabakia. Atariko bizilagunen artean adostasuna lortuta, estatutuak aldatu zituzten. "Ziur gaude erabaki ona izan zela".
Estatutuen aldaketaren bidez, debekua
Komunitate batek, turismorako erabilera debekatzeko, estatutuak aldatu behar ditu. Auzokide bilera deitu eta gai ordenean argi adierazi eztabaidatuko dela pisu turistiko berriei muga jartzeko proposamena. Jabetza Horizontalaren Legeak (JHL) aukera ematen du etxebizitza turistikoak baldintzatu edo mugatzeko, proposamenaren alde bozkatzen badute jabe eta kuota guztien hiru bostenek. Behin komunitatean onartuta, ofizial bilakatu behar da akta, notario aurrean transkribatuz eta ondoren erregistratuta.
Dagoeneko pisu turistikoak dituzten eraikinen kasuan aukera ezberdinak aurkeztu dituzte etxebizitza sindikatuek. JHLak ahalbidetzen du pisu turistikoei komunitateko kuota igotzea, %20 gehienez, hiru bosteneko adostasun maila baldin badago komunitateko kideen artean. Bestalde, jarduera turistikoak elkarbizitzarako arazoak sortzen baditu, badaude bide legalak salaketa jarri eta lizentzia turistikoa kentzeko.
Pisu turistikoak Gasteizko Alde Zaharrean
32 etxebizitza turistiko daude ofizialki Alde Zaharrean, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Pisu turistiko gehien dituen auzoa da, eta inguruan ere baditu beste hainbat, Zabalgunea eta Errota baitira kopuru altuenak dituzten hurrengo auzoak. Auzoan Bizik salatu du turismoaren gorakadak bizilagunak auzotik kanporatzen dituela.
Beste hainbatetan egin bezala, Gustavo Antepara PPko zinegotziaren jarduna salatu du etxebizitza sareak Zaharraz Harroko kalejiran. Ohartarazi dutenez, sei etxebizitza turistiko ditu Anteparak, "gutxienez", Alde Zaharrean, eta horietako asko legez kanpoko obrekin eginak, "bizilagunen etxebizitzak arriskuan jarriz". Argia aldizkariak ikerketa sakona argitaratu zuen 2021ean, eta bertan jakinarazi zuten, besteak beste, pisu turistikoen legedia moldatzen aritutako pertsonek interesak zituztela turismo enpresetan.