Puntako pilotariak izango dira Ogetan Andre Maria Zuriaren Txapelketan

Erredakzioa 2024ko uzt. 16a, 17:18

Txapelketaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Andre Maria Zuriaren Txapelketa abuztuaren 5ean hasiko da lehen finalerdiarekin. Bigarrena, berriz, hilaren 6an jokatuko dute, eta finala, bi egun geroago, abuztuaren 8an.

Pilota profesionalak beste hitzordu bat izango du, Ogeta pilotalekuan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien bueltan. Txapelketaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Ana Lopez de Uralde Kirol eta Osasun zinegotziak, Alfredo Alonso CaixaBankeko Arabako negozio arloko zuzendariak eta Unai Iglesias Baiko Pilota enpresaren eta Inaxio Errandonea Aspe Pilotaren arduradun komertzialek.

Abuztuaren 5ean hasiko da txapelketa, jaien egun handian. Partida 17:15ean izango da, Ezkurdia-Bikuña eta Larrazabal-Aranguren bikoteek jokatuko dute. Ondoren, Artola-Mariezkurrena II.a eta Laso-Albisu aurrez aurre arituko dira lehen finalaurrekoarekin. Jardunaldia Senar-Elizegi eta De La Fuente-Aldabe bikoteen arteko partidarekin amaituko da.

Bigarren finalerdia abuztuaren 6an jokatuko da, 17:15ean. Urrutikoetxea-Iztueta eta Dario eta Martijaren arteko partidarekin hasiko da. Partida nagusia Altuna III.a-Rezusta eta Zabala-Zabaletaren arteko norgehiagokarekin iritsiko da. Eguna amaitzeko, Salaberrria-Eskuzaren eta Zubizarreta III.a-Salaverri II.a bikoteen arteko partida iritsiko da.

Bi kanporaketa horietako irabazleek abuztuaren 8an jokatuko dute finala. Azken eguneko partidak 17:15ean hasiko dira Elordi-Tolosa eta Larrazabal-Imazen arteko norgehiagokarekin eta, amaitzeko, Bakaikoa-Lizeaga eta Egiguren V.a- Gaskueren arteko aurrez aurrekoa jokatuko da.

Lopez de Uralde Kirol eta Osasun zinegotziaren hitzetan, "luxuzko kartela" izango da txapelketan. Hori dela eta, herritarrak animatu ditu Ogetara joatera "maila goreneko pilotaz eta etorkizun oparoa duten kirolari berriez gozatzera".

Zozketa

Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Andre Maria Zuriaren Txapelketako egun bakoitzerako. Izena emateko epea uztailaren 29an, astelehenean, hasiko da eta abuztuaren 1ean, ostiralean, amaitu, 23:59an. Abuztuaren 2an, ostiralean, jakingo da irabazleen izena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago