Larunbatean musikaz beteko da Prado parkea egun osoan zehar, Jazzaldiari hasiera emateko

Erredakzioa 2024ko uzt. 12a, 11:19

46. Jazzaldiko kontzertu bat. Argazkia: Jazzaldia

11.30etatik aurrera kontzertuak izango dira goiz eta arratsalde. Posta kalean ere izango dira bi kontzertu larunbatean. Bederatzi egunez nonahi Jazza entzuteko aukera izango da Gasteizen.

Badator Gasteizko Jazzaldiaren 47. edizioa. Larunbatean hasiko da ofizialki, eta Prado parkea izango da eszenatoki nagusia lehen egunean. Izan ere, 11.30etatik 22.30ak arte, etengabe egongo da kontzertu bat Pradon larunbatean. Hemen ikus dezakezue egitarau osoa, 50 kontzertu inguru egongo dira ikusgai uztailaren 13tik 21era, gehienak doan.

Gaur, ostiralez, berotzeko aukera izango da, Andre Maria Zuriaren plazan emanaldia eskainiko baitu Kink Folk taldeak 19:30ean. Bihar, Prado parkean, Monday's Club, Stilt, Raul Vera Quartet, Eme Eme Project eta beste asko arituko dira oholtza gainean. Eguerdian eta arratsaldez Posta kalean ere egongo da musika eskaintza.

Eta hortik aurrera egunero, bederatzi egunez, hurrengo igandera arte. Jazza ikuspegi guztietatik gozatzeko aukera izango da Gasteizen, 47. Jazzaldian. Antolatzaileen esanetan, bertan uztartuko dira talentu gaztea, musikari ospetsuak, fusio iradokitzaileak, musika afrokubatarrari eta hip hopari omenaldiak eta emakumezko interpreteen presentzia indartsua.

Mendizorrotzan eta Principal antzokian ordainpekoak izango dira kontzertuak, baina Gasteizko beste hainbat txokotan doako eskaintza zabala egongo da, Andre Maria Zuriaren plazan, Prado eta Floridako parkeetan, San Bizente aldapan, hiriko taberna ugaritan edota Hibridalab zentroan, esaterako. Kaleetatik bueltaka ere ibiliko da jazza, Sunset Rhythm Kings taldearen eskutik; uztailaren 17, 18, 19 eta 20an kalejiran arituko dira Gasteizko zonalde ezberdinetatik.

Emanaldiak

Mendizorrotzan, uztailaren 15ean hasita, ikuskizun pare bat egongo da egunero 20:30etatik aurrera. Terri Lyne Carrington bateria jotzaile, konpositore, ekoizle eta abeslaria izango da bertan, baita Joel Ross eta Cecile Mclorin Salvant ere. Jazza eta flamenkoaren fusioa ekarriko dute Michel Camilo eta Tomatitok, Spain forever Again lan berriarekin. Chucho Valdes eta Trueno ikusteko parada ere izango da Mendizorrotzan, besteak beste.

Christie Dashiellek zabalduko du Principal Antzokiko emanaldi zikloa uztailaren 15ean, eta 20ra arte egongo da egunero kontzertu bat bertan. Sylvie Courvoisier Quintet, Clara Peya eta Eddie Mejia Quartet ere badaude antzokiko oholtzara igoko direnen artean. Clara Peyari aipamen berezia egin dio Igor Muñoz Aleako kolaboratzaileak artikulu honetan.

Gasteizko taberna, parke , kale eta aretoak ere jazzez beteko dira 47. aldiz. Programazio osoa ikus daiteke Jazzaldiaren webgunean bertan, edo ondorengo taulan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago