2019an bezala, aurten ere Sagardo Eguna ospatu behar zuten Gasteizen. Dena prest zuten sagardogileek larunbat honetan, hilaren 6an, Aihotz plazan lurraldeko sagardoak dastatzeko. Akats "tekniko" batek, ordea, bertan behera utzi du jaialdia.
Alde Zaharreko plazan egiteko beharrezko baimenak lortzeko "atzerapena" izan dela azaldu dute sagardogileek, eta horregatik ez da Sagardo Egunik egongo, oraingoz behintzat; hain zuzen, Suhiltzaileen eta Udaltzaingoaren beharrezko txostenak falta ziren.
Sagardogileek "amorrua eta desilusioa" aipatu dituzte, guztia prestatzeko egindako lanagatik, baina gertatutakoa onartu dute. Gasteizko Udaletik, halere, prestutasuna azaldu dute Sagardo Eguna aurrerago antolatu nahi izatekotan.