Aihotz plazan izango da Arabako II. Sagardo Eguna

Erredakzioa 2024ko uzt. 4a, 09:17

Mikel Landak ireki zuen txotx denboraldia, Kuartangon. Argazkia: PHOT.OK

Trebiñu, Iturrieta eta Kuartango sagardotegiek antolatu dute jaia, eta Euskal Herriko sagardotegiak gonbidatu dituzte ospakizunera.

Euskal Sagardoaren jaia berreskuratu dute aurten Arabako Trebiñu, Iturrieta eta Kuartango sagardotegiek. Uztailaren 6an egingo dute ospakizuna, 11:00etatik 15:30era, Gasteizko Aihotz plazan. Inguratzen diren sagardozaleek Euskal Herri osoan sagar hutsez egindako sagardoak dastatu ahal izango dituzte; izan ere Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako sagardogileak gonbidatu dituzte. Halaber Maider Unda bezalako gaztagileak eta herrialdeko beste ekoizle batzuk izango dira sagardoaren jaiaren bigarren edizioan.

Ekitaldiaren asmoa da gasteiztarrei eta bertara inguratzen diren guztiei Euskal Sagardoa zer den azaltzea, sagardotegi bakoitzak egiten duen lana nabarmentzea, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak onartutako euskal sagar motek sagardoari ematen dizkioten ukituak azaltzea, uzta desberdinek sagardoan duten eragina azaltzea, eta, nola ez, sagardozaleek guzti horrekin gozatzea.

Ekitaldiari hasiera emateko, inaugurazio ekitaldi labur bat egingo dute, 11:00etan. Hortik aurrera, sagardoak dastatu ahal izango dituzte bertaratutakoek, eta lantegietan parte hartu ahal izango da sagardoaren kultura hobeto ezagutzeko, eta sagarrarekin egiten diren beste produktu batzuk ere. Hartara, "adierazpen berriko sagardoen lantegia" izango da, 13:30etik aurrera, eta su-sagardoa, izotzezkoak, limoiarekin egindakoak edo apardunak ezagutzeko aukera aparta egongo da horretan.

Iturrieta sagardotegiko Juanjo Peciñak azaldu duenez, sagardoaren kultura zabaldu nahi dute ekitaldiarekin, eta asmoa dute urtero horrelako zerbat egitea, uztailean. "Ardoaren inguruko promozio handia egiten da herrialdean, eta ardoaren kultura badago; ez da gauza bera gertatzen sagardoarekin"

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago