Bederatzi urteko ibilbidea, eta beste hainbeste ekoizpen taularatu ditu Proyecto Larrua konpainia gasteiztarrak, dantza garaikidean erreferentziazko lekua irabazita. La casa vacía azkeneko ikuskizunak poztasun ugari ekarri dizkie, Max sarietarako bi izendapen tartean, nahiz eta igarotakoen artean "urterik zailenetakoa" izan duten Aritz Lopezek (Gasteiz, 1988) ALEAri kontatu moduan. Maila artistikoan sendotzen jarraitu, eta dantzaren oihartzuna zabal dadin lanean jarraitzea dute erronka orain.
Ia hamar urteko ibilbidean, nola dago Larrua taldea?
Azken egun hauek gozoak izan dira. Pozik gaude, eta disfrutatzen ari gara. Urte zail baten ostean etorri da Max sarietako izendapena, eta bultzada eman digu. Bidean hazten eta hazten joan gara, eta etena izan dugu aurten, piezak mugitu ezinik ibili gara, eta benetan zaila izan da. Urterik zailena salmenta aldetik. Eta geure lanaz zalantza egin dugun momentuan, egin behar genuen bideaz duda-mudan ibili garen unean, albiste on hau jaso dugu eta aurrera jarraitzeko bultzada izan da, sariak sari. Urterik zailenean heldu zaigu bultzada.
Zer dela eta eten hori?
Egia esan, zaila da asmatuko duzun formula ateratzea. Antza denez, ofizioko beste kide batzuekin hitz eginda, orokorra da egoera, sektorean gertatzen ari den arazoa da. Ez da berria, halere, urteetako kontua baizik; dantzak antzerkiak baino leku dezente gutxiago dauka antzokietan, programazioetan eskasa da, pastel txikia da, eta asko gara zatitxo baten zain...
"Dantzarien plataforma moduan hazten jarraitu nahi dugu"
Maria Goirizelaia antzerki zuzendaria izan zen ALEAn duela gutxi, eta obrak mugitzeko zailtasunaz hitz egin zuen. Etengabe obrak sortzera bideratutako egitura bat, eta antzokietan mugitzeko zailtasunak...
Eta egin kontu zeinek esaten duen hori, Maria Goirizelaiak, ofizioko izen handietako batek. Erreferenteetako batek hori esaten badu, pentsa nola gauden besteak. Guk ia hamar urte bete ditugu, eta nahiko ondo gaudela esango nuke, beraz, pentsa horren ondo ez doazen kideak; dantzarien artean, ustez, pribilegiatuetakoak gara. Atera kontuak. Uste dut, Goirizelaiak esaten duen moduan, modus operandi hori ezarrita dagoela eta zaila dela mugitzea: bizirauteko etengabe sortu beharra dago, diru laguntzen gurpilean sartu ahal izateko, eta bolo gutxi batzuk egiteko, birarik egiten ez delako. La casa vacía obrarekin bereziki zortea izan dugu, eta bina saio izango ditugu Bartzelona eta Madrilen, baina hori salbuespena izango da. Horrek asko zailtzen du bira egin ahal izatea. Aurrekontuetaz ere askotan hitz egiten da. Andre Maria Zuriaren jaietako kontzertuen katxeen harira, esaterako; azken hamar urteetan ez dira katxeak eta laguntzak igo dantza garaikidean, eta pentsa zenbat garestitu den bizitza. Beraz, katxea igotzea beste aukerarik ez dago askotan; eszenografiak kamioi batean garraiatu behar dituztelako eta gasolina behar delako, eta talde teknikoa mantentzea duela hamar urte baino garestiagoa delako.
"Dantzaren liluraz harago, beste leku emozionalago batera eraman nahi dugu publikoa"
Beste herrialde batzuetara heltzea zaila da?
Zaila da. Hego Amerikan, esaterako, aukera asko dago, baina finantziazioa da arazoa, antzoki gutxik ordain dezakete katxea osorik, partekatua ez bada. Europa ere aukera izan daiteke, eta aritu izan gara, baina honetan ere zailtasunak daude; Italian bost edo sei bolo jarraian lotzea ez da batere erraza, besteak beste, arazoa orokorra delako, hemen bezala sufritzen ari direlako. Oraindik egiteko etxeko lanetako bat dugu nazioarteko lana. Askok Asian aurkitu dute beraien bidea; antza denez, bada merkatua.
Zuek Larruaren lantokia Gasteiz izatea erabaki zenuten.
Militantziagatik aukeratu genuen Gasteiz. Ni gasteiztarra naiz, eta Baratza aretoan emandako babesari esker sortu genuen lehenengo pieza. Jordi katalana da, baina berehala maitemindu zen hiri honetaz. Nik Gasteizen proiektu bat sortzeko ilusioa nuen, eta bera herri txiki batetik dator, Olesa de Montserratetik, eta ondo daki agian aukera horiek ez dituen herri batean bizitzea zer den. Hemen gelditzearen alde egin genuen, garbi; aukerak sortzearen alde, beste dantzari batzuentzako plataforma izateko asmoz, eta dantza garaikidea sustatzeko asmoz, estudioan egiten dugunaz harago.
Sortzerako garaian, inguruak badu eraginik sortutako piezan?
Uste dut baietz, eragina duela. Azkeneko pieza honek, esaterako, hainbat erreferentzia ditu, Gasteizen bizi den artista batez ari baita, eta beste obretan ere bertako abizenak edo Otzarreta moduko inguruak ageri dira. Baserri izan zen gure lehenengo obra, gure lurraldeko sustraietan arakatzen duena. Inspiraziorako iturria da gure sormen lanetarako.
Nolakoa da publikoaren erantzuna etxean?
Azkeneko pieza honekin publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da, jendea ikuskizunetik oso hunkituta ateratzen da, eta guretzat ere izugarria da, ez genuelako halakorik bizi izan. Publikoarekin elkarrizketa hori bilatzen dugu, eta abiapuntu modura denon iruditeria izan daitekeena aurkezten dugu, harreman hori sor dadin, gero mundu abstraktuago batera eramanez. Normalean jendeak islatuta ikusten du bere burua obran, baina honek atal emozionalago bat du, publiko zaharraz ari da, normalean antzokietan dagoen jendeaz, eta barruraino hartu ditu lan honek, hunkitu egin ditu, hala kontatu digute amaieran. Negarrez atera den jendea, edo, ostean, sentitutakoa idatzi diguna. Energia txute handi bat izan da publikoaren erantzun hori.
LGTB kolektiboko edadetuen bakardadeaz ari da, besteak beste, 'La casa vacía'.
Obraren abiapuntuetako bat da hori. Pedro Casasek, dramaturgiarekin lagundu digunak, kolektibo honekin lan egin zuen Madrilen, 60 urte baino gehiagoko jendearekin, eta gure piezan beste geruza garrantzitsu bat izango zela pentsatu genuen. Bakardadeari nola aurre egiten diozun, duzun erreferente bakarra galtzen duzunean, besteak beste, familiak albo batera utzi zaituelako; kontuan hartuta jazarpen handiko momentu historiko batean bizi izan direla edadetuak. Istorio gogorrak ezagutu genituen, hunkigarriak, eta piezaren parte izatea nahi genuen.
Jauzi bat izan da 'La casa vacía'?
Bai, beharbada, piezarik konplexuena izan da. Dantzarekin batera, testua ere badu obra honek, eta dokumentu-antzerki atal bat ere. Otsoa lanean ere testua genuen, baina aktore bati zegokion ia osorik; honetan denok ari gara lanean mugimenduan eta hitzetan. Lana sortzerako garaian ere abiapuntu oso desberdin batetik hasi gara; erronka, beraz.
Zerk elkartu zintuzten proiektua batera abiatzeko?
Dantza ikusi, ulertu eta publikoarekin konpartitzeko modu oso antzeko bat genuen Jordik eta biok, eta orain, bederatzi urte geroago, ziur esan dezaket badela kidetasun bat horretan. Dantzaren birtuosismoarekin harritu ez ezik, publikoa hunkitu nahi genuen, beste leku emozionalago batzuetara eraman, azalean bakarrik geratuko ez den lilura horretaz harago, alde sentimental edo gizatiarrago hori iratzarri. Egia esan, hori izan zen batu gintuen gauzetako bat, lan egiteko moduarekin batera; inguruko pertsona eta erakundeekiko harremana. Horrek ere asko lagundu zigun.
"Lehen, koreografia 'cool'-ak egin nahi nituen; orain detaile txikietan dut arrieta"
Artista moduan, nolakoa izan da aldaketa urte hauetan?
Maila artistikoan, noski, hazi eta heldu egin gara, besteak beste, urteak aurrera doazelako eta gorputza aldatzen doalako, eta beharbada gazteago zinen garaiko interesak berdinak ez direlako. Beharbada gazteagoa zarenean azalekoarekin geratzen zara, koreografia guay eta cool-ak egiteko asmoarekin, modu honetara edo bestera mugitzeko asmoarekin, eta hori pixkat, nire kasuan behintzat, apaldu egin da, eta gauzak sakontasun handiagoarekin lantzeko gogoa daukat. Detaileetan jartzen duzu atentzioa, gauza txikiagoek ere erakartzen dute zure arreta. Lan egiteko modua ere aldatu da, eta hau Jordirekin hitz egin dut; badakigu ezin dugula inoren gorputza mugara eraman, 45 urte edo 27 urtekoa izan arren lantaldeko dantzaria, ez dugu hori bilatzen; beraz, lasai, serio lan egingo dugu, iraunkor, baina gorputzak fortzatu gabe.
Norantza doa Larrua?
Dantza saioekin batera, hurrengo hilabeteetan ikerketa bat egingo dugu Vicente Ameztoi margolari gipuzkoarraren inguruan. Gainera, hurrengo urterako fitxak mugitzen ari gara aretoko lan berri bat abiarazteko gai garen ikusteko. Gasteizen dantza garaikidearen plataforma izateko asmoarekin lan egiten jarraitzen dugu; urte amaieran, iaz egin genuen moduan, kanpoan lanean ari diren dantzariekin gala bat antolatuko dugu, hiriarekin berriro konekta daitezen, eta, zorterik bada, Harria jaialdi koreografikoa ere izango da hurrengo urtean. Maila artistikoan hazten jarraitzea da asmoa, eta, horrekin batera, dantza garaikidearen plataforma moduan ere hazteko helburuarekin, aukera berriak sortuz, eta Gasteizen dantzak oihartzun handiagoa izan dezan.