Las Nenas, askatasun espazioa

Ruben Sanchez 2024ko eka. 28a, 07:00

"Zatoz gertuago eta begiratu, aurkitu neska [...] bere ahotsa entzuten dut nire izena esaten [...] korrika hasi naiz [...] neska inoiz ez zen han egon, ez zen ezer han". Baina Las Nenas bai izan zen: gordeleku bat non topa zitezkeen neska-mutil askeak musikaz blai. 

Las Nenas gaur egun Santa Maria Fundazioaren etxe bat dagoen baxuan zegoen. Lehenago Arrantzale taberna izan zen bertan, ondoren Xurrut, eta, 1981eko martxoaren 21etik (udaberriarekin loratu zen) 1986-87 arte, han egon zen Las Nenas. Izena aldatzea dirua kostatzen zenez, izena kendu eta gabe utzi zuten. Hiru neska gazte tabernari izaki, Las Nenas izena jarri zioten.

Eva Martinezek batetik bestera eman zuen gaztaroa, aitaren lanari jarraiki ama eta lau neba-ahizpak: Fitero, Igorre, Lizarra, Usansolo, Amurrio eta, azkenik, 17 urterekin Gasteizera heldu zen. Ama nahiko autoritarioa zuela dio, eta 18 urterekin atera zen etxetik.

Lidia Lorbadari bost neba-ahizpetan beltzaranena zelako jarri zioten Moru. Zaramagakoa da, 1976ko martxoaren 3an bi neba-ahizpa nagusiak eliza barruan zituen; ahizpa PCE-koa eta neba troskista zituen. Hamazazpi urterekin irten zen etxetik.

1981eko martxoaren 21etik 1987ra arte izan zen zabalik Las Nenas, ondoren Xurrut izan zen txokoan. Argazkia: E. Martinez

Marivi Marin Zaramagakoa zen, aita hila zuen hirurek elkar ezagutu zutenean, eta ama nahiko gaixorik handik gutxira hil zitzaion. Alaba bakarra zen. 2006an zendu zen.

"Batetik, Eva agertu zen bere on-pusketa aurpegitxoarekin eta bestetik Marivi ezagutu nuen Txukun tabernan, non gayak elkartzen ziren txokolatea erretzeko”, gogoratu du Moruk. Bikote egin ziren eta Evarekin batera Las Nenas ireki zuten; Marivik 22 eta beste biek 17 eta 18 urte zeuzkaten. Marieli Arronizek egin digu anfitrioi lana.

Taberna

"Taberna bat? Poliziak, prostitutak eta bizimodu txarreko jendea!", esan zion Moruri aitak. Evaren amak aldiro deitzen zuen eta sekulakoak esaten zizkion: "Putak! Nahiagoko nuen alaba bat puta izatea lesbiana baino!". "Jota lagatzen ninduen".

Baina taberna hura askatasun espazio bat izan zen, nahiz eta eurak, orduan, ez ziren kontziente izan zenbat molde ari ziren puskatzen. Gasteiz bezalako hiri txiki batean, "norbera izateko leku libre bat zen, etxean eta kalean beti ezkutatzen egon eta gero", dio Marielik. Horregatik elkartu ahal ziren bertan punkyak, modernoak, pijoak, lesbianak, feministak, kamelloak, troskoak, txinoak, makarrak, yonkiak eta soldaduak. Musika ona, porroak erre eta ligatzeko sartzen ziren. Cicatriz en la Matriz musika taldea Las Nenasen sortu zen eta bertako mahaietan egin zituzten letra gehienak. Natxo Cicatriz eta Marieli Arroniz bikotea ziren orduan, baina Moru eta Natxo ere lagun minak egin ziren. "Jo, ze alferrikakoa hi lesbiana izatea", esaten zion Natxok. "Hi bai alferrikako morroia!", "Joe, Moru ze astokiloa haizen!".

Gasteiz bezalako hiri txiki batean, "norbera izateko leku libre bat zen" taberna hura

Bortizkeria ere egoten zen batzuetan, jende arriskutsua suertatzen zenean.

Musikak berebiziko garrantzia izan zuen tabernan. Eva lehen aldiz lagun batekin joan zen Londresera 19 urterekin: "Hainbeste disko ekarri nituen, ia ezin genituen eraman, eta aduanan kobratu ziguten. Eskerrak nire ama‒lasaiago zegoen; berak ordaindu zuen, gu libra banakin geratu ginen eta! 50 edo 70 disko izango ziren Virgin-ekoak". Moruk ere halako bidaia bat gogoratzen du Madrila, disko pila bat ekartzeko: "Lagun gay batekin joan nintzen bikote heteroarena egiten". Gehienbat orduko musika anglosaxoia eta Madrileko movidakoa jartzen zuten, eta  The Cureren A forest, –artikuluari lehen hitzak jartzeko baliatu duguna– tabernako kanta izendatu zuten. A! Eta esperimentu psikaliptikoak ere egiten zituzten, musika eta petazetekin. Gaineko bizilagunak kexatzen zitzaizkien: "Musika pixka bat baxuago jarriko duzue? Komoda ere mugitzen zaigu". Eta neskek gabonetan eta festetan otar bat oparitzen zieten pazientziagatik.

Moruk laburbildu du: "Taberna hura galiarren gordelekua bezalakoa zen, baina marmitan denok erori ginen".

Juncal Ballestin artistak lagundu zien Las Nenas apaintzen eta margotzen, harri eta zurezko taberna euskaldun tradizionala zena martelez margotu zuten, metalikoa bihurtuz, eta zebra batzuk lagun. Bigarren erreforman zorua hori bizi-bizi batez margotu zuten.

Bollerak

"Inoiz ez ginen armairu barruan egon", baina haurtzaroan eta nerabezaroan erreferente falta aipatzen dute, eta ezerekin identifikaturik ez sentitzea. "Ez genekien ezta Mari Trini lesbiana zenik ere, pentsa; soilik genekien guri mutilak ez zitzaizkigula gustatzen". Evak dio Amurrioko irakasle batek, Begoña Mendiak, asko lagundu ziola. Hark esan zion bere moduko asko zeudela eta ondo zegoela.

Tabernan, astunen artean kokatu dituzte blusak. "Gorilak behelainoan!" diote biek, eta txikiteroak: "Pentsa, taberna Kutxin zegoen, denak ziren gizon poteatzaileak. Orduan, ardo batek 10 pezeta balio bazuen, guk 25ean jartzen genien, sartu ez zitezen, eta, hala ere, sartzen ziren, kabroiak!", dio Moruk.

Eva Martinez eta Lidia 'Moru'-rekin elkartu da ALEA Las Nenas-en garaia gogoratzeko. Argazkia: R. Sanchez 

Artean ez zeuden oso politizatuak, feministei barre egiten zieten beren diskurtsoekin zetozenean. Hitzak ere arrotzak egiten zitzaizkien: misoginia, homofobia... Gerora,  jabetu ziren hitzez eta gizartearen estrukturez, "izan ere, gu ez ginen batere sartzen estruktura horietan" dio Evak, eta Moruk "orain, gainera, bollera adinekoak gara. Ni erabat antisoziala nago". Evak kontatu du duela gutxi jardunaldi bollera batzuetan ibili zela: "Eta nik sentitzen dut ez naizela mundu honetakoa, orain, lehengo aldean, aniztasun pila bat dago, identitate eta izenordain maskulino, femenino, ez-bitarra...".

Ekainaren 28ko Gasteizko lehen manifetan lau katu zirela gogoratu du Moruk, Frantzia eta Bakea kaleetan jendeak pasilloa egiten ziela, eta haiek kantatzen zutela Detrás de las ventanas tambiÈn hay lesbianas, detrás de los balcones también hay maricones!

'Ina'-k

"Ina bukatzen ziren gauza guztiak ondo etortzen zitzaizkigun", "Bueno, baina hola ibiltzen ginen denak!", "Eta ze ondo gauden!", "Bai, hemen gaude kontatzeko!", diote barrez.

1980ko hamarkada zoroa izan zen, Evak honela gogoratzen du. "Oso dibertigarria, baina katastrofikoa ere bai, erabateko kaosa, eta lagun asko galdu genituen droga eta hiesagatik". Ahal zuena Marokora joaten zen txokolate bila, edo Madrila edo Bartzelonara irina hartzera. Zarauzko speeda eta Mediterraneo aldeko mexkalina eta droga sintetikoak ere heltzen ziren.

Ikusgune LGTBIQ+ behatokiaren liburutegiari 'Las Nenas' izena jarri diote

Evak beti lotu izan zuen drogen erabilera ondo pasatzearekin, inoiz ez zituen mendekotasunez hartu. Gerora, bizitza aurrera joanda, autobus gidari zebilen lanean, eta festetatik aldentzen joan zen, eta horrekin batera drogetatik. Gehiago kostatu zitzaion tabakoa uztea. Moruk ezberdin bizi zuen, eta drogak utzi nahi izan zituenean, terapia komunitate batera joan zen denboraldi batez. Egonaldia gogorra egin zitzaion, negar batean hasieran. Komunitatea nahiko bertikala zen, konduktista, eta, hango psikiatra, oso misoginoa. Baina, hala ere, are gogorragoa egin zitzaion Gasteizera itzultzea, garai bateko lagun eta girotik aparte ibili behar zuelako. Itzuleran euskara ikasi zuen.

Marivi eta Rous

Mariviren berri gehiago izan eta argazki zahar bila, Rous Zubiaga Mariviren bikotekide zenarekin elkartu ginen. Haren etxeko egongelan berriz ere Juncal Ballestin: horma-irudi bat hark margotua.

Izatezko bikote egin ziren eta ezkondu nahian zebiltzan, baina minbizi batek eraman zuen 2006an, "ehun urtera arte bizi nahi zuela zioen beti eta 46 urterekin zendu zen".

"Oso pertsona berezia zen, bonba bat, farandulera, eszenatoki gainean ezin zenion beste inori begiratu, revista gisa ateratzen zenean zoragarri zegoen, edo torero bezala... eta hanka ederrak zituen".

Askatasun espazio bat zen Las Nenas taberna, garaiko zenbait molde apurtu zituena. Argazkia: E. Martinez

Animaliak oso gogoko zituen. Las Nenasen sasoian bi tximino izan zituen, eta txupan sartzen zuen chihuahua zahar bat. Rousek eta biek asto bat hartu zuten Larrea herrian, Sigu jarri zioten Sigourney Weaver-engatik, asko gustatzen zitzaiolako [eta ni gogoratu naiz blusei Gorilak behelainoan deitzen zietela].

Bere umore beltz eta izaera bereziaren erakusgarri da bere bizitzako azken hiru urteetan minbizia nola eraman zuen. Ospitalean hozkailu batean garagardoak zituen bisitentzat, goitizena asmatu zuen bere buruarentzat Marilyn edo Marican (Lyn, linfomagatik, Can kantzerra-gatik), "Se traspasa cancer por no poder atender", "minbiziaren bigarren ikasturtean nago". Beti jartzen zuten ospitalean deprimituen zebiltzanen ondoan, bere izaera eta umoreagatik eta jasotzen zituen bisita ugari eta bereziengatik. Bere agurrerako festa bat egitea nahi zuen, eta 400 pertsona inguru elkartu ziren lehen Elefante Blanco izan zen diskotekan.

Arabako Emakumeen Asanbladan eta ALAn (Asociación de Lesbianas de ¡lava) murgilduta ibili ziren Marivi, Eva eta Moru. Eta, gaur egun, Ikusgune LGTBI+ behatokiaren liburutegiak Las Nenas izena du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago