Adin txikikoak dituen familia bat etxegabetze arriskuan dago Gasteizen

Erredakzioa 2024ko ekainaren 26a

Auzoan Bizik Alokabide aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Auzoan Bizi

Alokabideren etxe bat jaso zuen pertsonak berriz alokatu zion etxea Samiraren familiari, legez kanpo, eta familia etxetik bota nahian dabil. Auzoan Bizik sareak Alokabide eta udalari egotzi die ardura.

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du adin txikikoak dituen familia bat etxegabetzeko arriskuan dagoela Gasteizen. Elkarretaratzea egin dute Alokabideren egoitza parean, egoera salatzeko. Udalari, Gizarte zerbitzuei eta Alokabideri exijitu diete haiekin batera eseri eta konponbide bat bilatzeko.

Alokabideren etxe batean bizi dira Samira eta bere seme-alabak. Alokabidek beste pertsona bati esleitu zion etxea, eta hark legez kanpo alokatu zuen berriz irailean, garesti, familiari jakinarazi gabe Eusko Jaurlaritzaren alokairu zerbitzuko etxea zela. Kontraturik eta erroldarik gabe hasi zen familia bertan bizitzen, eta sartu eta gutxira saiatu zen familia etxegabetzen, modu irregularrean, haien gauzak etxetik atera eta poliziari deitzen. Auzoan Bizik jakinarazi du sarean antolatuta lortu zutela etxegabetze saiakera geldiaraztea, baita ordutik etorri diren beste saiakera batzuk ere.

Baina, etxebizitza saretik salatu dutenez, Samira eta seme-alabak larri egon dira hilabete luzez. Alde batetik, etxegabetze saiakera ilegalak, bestetik, Alokabidek martxan jarritako etxegabetze prozesuaren mehatxua eta, gainera, erroldarik ez dutenez sarbidea ukatzen zaie oinarrizko eskubide eta zerbitzuetara. Auzoan Bizik jakinarazi du Alokabidek eta gizarte zerbitzuek ez dutela "inolako borondaterik izan ezertarako, eta haiekin zerikusik ez balu bezala" jokatu dutela. Instituzioei leporatu diete Samira eta hasieran alokatu zuen pertsonaren arteko gatazka "hauspotu" izana, "finean, pobreen arteko gerra".

Saretik ere jakinarazi dute gizarte zerbitzuek errolda ukatu diotela familiari, nahiz eta legearen arabera behartuta dauden bakoitza bizi den lekuan erroldatzera. Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu zuen etxebizitza sareak iaz, eta bertako pausoak jarraitu badituzte ere, administrazioaren trabak medio, "oraindik ere errolda gabe jarraitzen dute".

Samira eta bere seme-alabak etxegabetze arriskuan daudenez, Alokabide, Udala eta gizarte zerbitzuei exijitu diete konponbidea bilatzeko negoziatzeko prest agertu daitezela. Auzoan Bizitik adierazi dute borroka fronte ezberdinak zabaldu dituztela familiaren egoerari aterabidea aurkitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago