Azken urteetan maiz salatu izan dute hainbat eragilek errolda lortzeko arazoak ugaritzen ari direla, gehienbat etorkinei eta pertsona arrazializatuei eragiten dietenak. Askotan alokairuan etxe bat lortuta ere ez diete bertan erroldatzeko aukerarik eskaintzen, eta beste etxe batean errolda lortzeko ordaindu behar izaten dute pertsona askok. Udalak errolda soziala ukatu dien kasuak ere zabaldu izan dira azken urteetan, eskubide sozialen aldeko elkarte ugarik salatu dutenez. Errolda oinarrizko betekizuna izaten da gizarte zerbitzuetara sarbidea izateko, hezkuntza eta osasun zerbitzuetara, esaterako. Legeak dio nor bere bizilekuan erroldatua egoteko eskubidea eta betebeharra dugula, baina askotan ez da betetzea lortzen, hainbat elkarteren arabera.
Egoera hau salatzeko Erroldarik gabe, izaterik ez! kanpaina abiatu zuten, 2023ko urte hasieran, Batuta Judimendiko elkartasun sareak, Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Errekaleor Bizirik! proiektuak, Inor ez etxerik gabe plataformak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak. Udala ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen ari zela salatu eta erroldatzeko eskubidea inolako baldintzarik gabe aitortzea exijitu zioten Gasteizko Udalari. Gainera, erroldarekin arazoak dituzten pertsonei laguntzeko Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu zuten abenduan, eta bertan aholku eta argibideak ematen zituzten Gasteizen erroldatzeko eskaera egiteko. Gaur bertan jakinarazi du Auzoan Bizi sareak beren kide batek errolda lortu duela gidako pausoak jarraituz.
Autodefentsa Juridikorako Gida eskuragarri jarri zuten abenduan eta, gogorarazi dutenez, Gasteiz Txiki auzo elkartean edo Hala Bedi irratiaren webgunean lortu daiteke, euskaraz, gaztelaniaz zein arabieraz. Bestalde, Auzoan Bizi etxebizitza saretik dei egin diete erroldarekin edo, orokorrean, etxebizitzarekin arazoak dituzten pertsonei haien bileretara hurbildu daitezela laguntza eskatzera. Astelehenero elkartzen dira 18:30ean Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkartean.
Bestalde, Erroldarik gabe, izaterik ez! kanpainaren baitan, informazioa zabaltzeko asanblada bat antolatu dute maiatzaren 30erako, 19:00etan Errota Zaharra auzo elkartean, Eulogio Serdan kaleko 5. zenbakian. Bertan erroldarekin dauden arazoak azalduko dituzte eta, batez ere, hauei aurre egiteko moduen informazioa emango dute.