Aulkirik gabe gelditzeraino bete da gaztetxea, eta literaturazale askok zutik jarraitu behar izan dituzte hizlarien hartu-emanak.
Irazuk anekdota batekin zabaldu die bidea idazleei. Irakurle taldeko kide batzuk unibertsitatean jaialdiaren kartelak jartzen ari zirela, campuseko segurata bat hurbildu eta kartelak zeri buruzkoak ziren galdetu zien. Azaldu ostean, esan zuen guardiak: "Ah, literatura! Hori ez da ezer txarra, ez?". Baimena eman zien kartelak jartzeko. Istorio honekin aukera zabaldu zen mahai inguruan artea eta politikaren arteko loturaz hausnartzeko.
Sarrionandiaren iritziz, literatura inokuoa da, asmo iraultzaileekin egiten bada ere. Bidaur ados agertu da, baina gehitu du literatura ez dela kaltegarria ez dagoelako idatzitako gauza horiek gauzatuko dituen mugimendurik. Poesia izan beharko litzatekeela mailu, eta izango dela noizbait, kenduko dizkietela kartelak. Apaolazak zalantza azaldu du literaturak zeinentzako izan behar duen arriskutsua, nork bere publikoarentzako izan behar duela deserosoa. Pentsamendua muturreraino eramateko tresna gisa aurkeztu du berak literatura, kontraesanak sortzeko diskurtso kolektibo oso eginetan.
"Menpekoen" literatura
Irazuk jarraitu du esanez emakumeek, literatura egin beharrean, "emakumeen literatura" egiten omen dutela, eta berdin "euskal idazleekin". Galdera luzatu die, nola eragiten dieten idazleei jatorriak eta identitateek. Sarrionandiak adierazi du etiketek mundu konplexua errazten badute ere, beti subalternitatea erakusten dutela. World Music etiketapean sartzen den bezala hegemonikoa ez den oro, euskaldunak eta Kongokoak batera. Etiketak negatiboak direla argudiatu du, botere harremanek hala dirauten bitartean izango garela "markatuak".
"Alferrik galdutako denborarik gabe ez dago literaturarik, ez pentsamendurik"
Uxue Apaolaza
Apaolazak, aldiz, aldarrikatu egin du "euskal" etiketa. Nondik idazten den jakin beharra defendatu du, unibertsalari idazten badio sentitzen baitu ez diola inori idazten. Emakume txuri klase ertaineko bat, bera irakurriko duen emakume euskaldun feministari idazten, eta hari kontraesanak ateratzen. Unibertsaltasunaz eta subalternitateaz aritzean, hala ere, paradoxa azaleratu du Apaolazak. "Zuk eta nik idazten badugu istorioa bakardadeaz hausnartzen ari den pertsonaia bati buruz, zuk bizarra mozten ari den bitartean eta nik depilatzen dabilela, zure kontakizuna bakardadeari buruzkoa izango da, eta nirea depilatzearena".
Euskararen kolonizazioa
Herri kolonizatuei azken faseetan gertatzen zaiena ari zaio gertatzen euskarari, Sarrionandiaren ustez, elebakarrak galdu dituela. Elebakar izateko eremu naturalak ere galdu izana gaitzetsi du, "hizkuntza elebakarraren musika galdu da". Bigarren mailakoa da beti euskara, hizkuntza "regional espainola". "Kulturaniztasunaren tranpa" ere salatu du iurretarrak, berak espero baitzuen Euskal Herrira itzultzean telebistaren bidez ikasiko zituela katalana, galegoa, portugesa, frantsesa... baina hona heldu eta, bat izan ezik, kate guztiak gazteleraz topatu zituen.
Martin Bidaurrek hizkuntzaren autonomia garatu beharra aldarrikatu du. "Zertarako erabiltzen da euskara? Zer leku dauka?". Adierazi du euskarak gaitasuna izan behar duela askotariko gauzak esateko, baina eredu edo erregistro asko faltan dituela oraindik.
Apaolazaren hitzetan, literaturaren demokratizazioa ez dator sinplifikatzetik edo ahozkoaren antzeko egitetik. Irakurtzen ikasi beharra dagoela esan du. "Demokratizatzaileak dira liburutegi publikoak eta irakurtzeko denbora".
Euskaraz argitaratzeko aukerak
Bidaurrek azaldu du oso literatura sistema gaztea dela Euskal Herrikoa. Badagoela gutxi gorabehera argitaletxe sistema egonkortua, sari batzuk, saltzeko azoka batzuk, baina oso zail dagoela orokorrean. Haur eta gazte literatura saltzen da gehien, eta hilkortasun tasa izugarria dutela irakurle gazteek. "Oso irakurle heldu gutxi daude, oso eremu prekarioa da". Zalantzan jarri du, hala ere, salbazioa merkantilizaziotik etorriko denik. Bere ustez, historiak erakutsi du borondate militanteari eskerrak egin duela aurrera euskal literaturak.
Sarrionandiak ere aipatu du irakurle falta, teknologia berriei eta gizarteko aldaketei lotuta. Irakurtzeko denbora falta antzematen du berak, eta azaldu du asko harritu dela erbestetik itzultzean, ikusita zenbateraino dugun denbora programatua Euskal Herrian. Makineria itzela dela esan du, inork ezin duela kanpoan gelditu. Kontrako gizartean bizi izan da bera, non inork ez dakien zer egingo duen biharamunean. "Kultura eta bizimodu oso ezberdinak sortzen ditu horrek".
Apaolazak ere salatu du denbora falta. Mila kanpaina egin daitezkeela irakurzaletasuna sustatu nahian, baina kapitalismoak beste erritmo bat duela. Irakurketaren tempoa erakutsi behar dela dio. "Alferrik galdutako denborarik gabe ez dago literaturarik, ez dago pentsamendurik".