Gasteiz Antzokian sartu da jada Lazarraga elkartea. Hilabeteetako tirabiren ostean akordioa lortu dute Gasteizko Udalarekin, eta asteartetik bertan dago Lazarragaren lantaldea, Izaskun Arrue Kulturgunean, Gasteiz Antzokian. Datozen asteetan prestaketa lanekin jarraituko dute, eta uztaila erdialdean ateak zabaltzea aurreikusi dute.
Lazarraga elkarteko Amaia Kerexetak adierazi du, oraindik neurria hartzen ari badira ere, "pozik" daudela, "hainbeste itxarondako momentua heldu delako azkenean". Lehenbailehen abiatzeko asmoa dute, programazioa antolatzen hasiko dira eta uztaila erdialdean egongo omen da "zer ikusi eta zer entzun" Gasteiz Antzokian. Sorkuntza lehiaketen deialdiak, egitarau osatua eta proposamen berriak jakinarazten joango dira, martxa hartuz doazen heinean.
Programazio arduradun bila
Lazarraga elkarteko lantaldea osatzen dabiltza oraindik, eta lan eskaintza bat argitaratu dute, kultura programazioaren arduraduna bilatzeko. Pertsona honek izango luke ardura garatu nahi den kultura programazioaren helburuak eta ildo estrategikoak lantzeko.
Tabernaren esleipena lantzen
Antzoki handiari lotuta dagoen tabernaren kudeaketa ere eskainiko dute Lazarraga elkarteko kideek. Zirriborroa lantzen ari dira, eta datozen asteetan espero da ostalaritza zerbitzuaren lehiaketa martxan jartzea, "lehenbailehen ixteko" asmoa azaldu baitute.
Lazarraga elkarteko kideek adierazi dute uztail hasieran emango dituztela zehaztasun gehiago proiektuaren inguruan. Webgunea, antzokiaren logoa eta irudi berria, egitarauaren lehen eskaintzak eta inaugurazio data jakinaraztea espero dute ordurako.
Errementari kaleko 30-32 zenbakietan dago kokatua Izaskun Arrue Kulturgunea. Antzoki nagusia, hitzaldietarako aretoa, taberna, hainbat bilera gela eta bulego, denetik dago jauregiaren lau pisuetan. Etxe aldaketa hasi zuten asteartean, eta tokia hartzen hasiko da Lazarraga elkartea. "Kostata, baina hemen gaude", esan dute elkartetik.