Uda ostean 30 hilabetez itxita egongo da Principal antzokia

Erredakzioa 2024ko ekainaren 17a

Antzerki emanaldia Principal antzokian. Argazkia: Gasteizko Udala

Udako denboraldia amaitzean hasiko dira antzokia eraberritzeko lanak. Gasteizko Udalak Tecsa-Ocisa enpresa elkarteari esleitu dio kontratua, puntuaziorik altuena lortuta.

Erabaki da zein enpresak zaharberrituko duen Principal antzokia. Lizitazio epea amaituta, Tecsa eta Ocisa enpresek osatu duten aldi baterako enpresa elkarteak irabazi du lehiaketa, eta udako denboraldia amaitu ostean abiatuko dira lanak. 30 hilabetez luzatzea aurreikusten dute, atzerapenik ezean. Maider Etxebarria alkateak adierazi du "jarduera artistikoen eskakizunetara egokitua geldituko dela antzokia, erosoagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa" izango dela.

Tecsa-Ocisa ABEEaren proposamenak lortu du puntuaziorik altuena lizitazioan. 11.225.333€ beharko dituzte lanetarako, lizitazio prezioa %0,7 jaitsita. Udaleko teknikariek modu positiboan baloratu dute San Prudentzio kalean ez dela instalazio osagarririk jarri beharko, eta une jakin batzuetan besterik ez dela kalea beteko, materialez hornitzeko soilik. Dorre garabirik jartzea ere ez dute aurreikusten enpresek, eta "inguruko merkataritza jardueretan aldaketa gutxien eragingo duen proposamena" aukeratu dute udal teknikariek. Bizilagunekin eta merkatariekin zuzeneko komunikazioa izan beharko du Tecsa-Ocisa enpresa elkarteak, informazioa helarazteko.

Azken emanaldiak Principal antzokian

Ekainaren 27tik abuztuaren 9ra arte ikuskizun ugari antolatu dituzte antzokian, udako denboraldirako. 24 saiotan eskainiko dituzten 10 lan oso ezberdin prestatu dituzte. El tiempo entre costurasek eskainitako musikala, Gasteizko Jazzaldiaren 47. edizioa, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, besteak beste. Gasteizko jaietan ere izango dira emanaldiak, esaterako, Paco Mir (Tricicle) eta Pepe Viyuelak Aristofanesen Las nubes aurkeztuko dute. Udako programazioa amaitzeko, Ez naiz inoiz Dublinen egon komedia "garratz eta zentzugabea" eskainiko dute, Mireia Gabilondok zuzendua eta Aitziber Garmendia protagonista gisa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago