Laster hasiko dituzte erreforma lanak Gasteizko Principal antzokian, baina horren aurretik udako denboraldirako prestatutako ikuskizunekin gozatu ahal izango da. Hala, ekainaren 27tik abuztuaren 9ra bitarte 24 saiotan eskainiko dituzten 10 lan oso ezberdin prestatu dituzte.
Proposamen horietako batzuk dira El tiempo entre costuras-en eskutik iritsiko den musikala (ekainak 27-30) eta Gasteizko Jazzaldiaren 47. edizioko Jazza antzokian zikloari esker uztailaren 15etik 20ra bitarte iritsiko den jazza. Musika klasikoa maite dutenentzat, berriz, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) uztailaren 22an Txaikovskiren, Musorgskiren eta Ravelen programa proposatuko du. Gainera, bertan izango da Seohyun Kim biolin-jotzaile korear gaztea.
Gasteizko jaien aurreko egunetarako eta jaietarako eskaintza berezia prestatu dute. Lehenengoetan, uztailaren 26tik abuztuaren 1era bitarte, honako artista hauek etorriko dira: Paula Mattheus konpositorea getxotarra, musika berritzailearekin; eta bi umoregile: Angel Martín, Punto para los locos ikuskizunarekin eta El Monaguillo, Efectiviwonder lanarekin.
Egun horietan, gainera, denboraldiko proposamen berezienetako bat iritsiko da: Fernando Velazquez musikari eta konpositoreak eskainiko duen Udako Oroimenak, esate baterako. Baina ez da bakarrik egongo; izan ere, lau solista izango ditu alboan: ETSko Iñigo Etxezarreta; Idoia Asurmendi; Josune Arakistain, Süneren arima; eta Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta.
Gasteizko jaietan
Festetan barneratu ondoren, abuztuaren 4tik 9ra bitarte, antzerkia izango da protagonista Principalen Txalo Produkzioak euskal ekoiztetxeak sortutako El novio de España ikuskizuna iritsiko da, abuztuaren 4 eta 5ean. Zuzendaria Juan Carlos Rubio da eta Christian Escudera eta Marta Valverde izango dira protagonistak. Hilaren 6 eta 7an, berriz, agertokian komedia munduko Paco Mir (Tricicle) eta Pepe Viyuela. Aristófanesen Las nubes lana aurkeztuko dute; antzerki munduaren isilpeko kontuak azaltzen dituen lan klasiko honen bertsio bihurri eta barregarria.
Jaietako programazioari amaiera emateko, urtean zehar arrakasta handiena izan duen antzerkiko komedietako bat iritsiko da. Aitziber Garmendia da horren protagonista eta Mireia Gabilondok zuzendu du: Ez naiz inoiz Dublinen egon, gaztelaniaz eta euskaraz ikusgai egongo den komedia garratz eta zentzugabea.
Uda garaiko proposamenerako sarrerak (jai aurreko zein jaietarakoak) ekainaren 19ko 10:00etan jarriko dira salgai ohiko bideetan: leihatilan, telefonoz eta online.