Leihotikan eta Akerbeltz, Judimendiko jarduera sortaren artean

Erredakzioa 2024ko ekainaren 13a

Judimendiko jaietako egitaraua aurkeztu dute. Argazkia: Judimendiko jai batzordea.

Ekainaren 20tik 23ra ospatuko dituzte auzoko jaiak, besteak beste, Munduko arrozen festa eta Apar jaiarekin.

Astebete baino gutxiago falta da Judimendiko jaiak hasteko, lau egunez Gasteizko auzoko jai arrakastatsuenez gozatzeko. Urtero bezala auzoko komunitatearekin egitarau oparoa antolatu du jai batzordeak, pertsona nagusi, heldu, haur zein gazteentzat ekintza anitzak prestatu ditu.

Aurten garrantzia berezia izango du igandeak, San Juan gauarekin, eta egunean zehar antolatu dituzten saioekin. Batetik, 12:00etan, Urgain igeriketa taldearen eskutik, Apar jaia izango da Judimendiko parkean, eta, bestetik, 12:30ean, Munduko arrozak jaia egingo dute Judimendi eskolan, Batuta sareak antolatuta. "Bertan komunitateari dei egin diogu taldeka arrozak kozinatu eta gero guztion artean dastatzeko; helburua auzokideak elkar ezagutzea da eta bakoitzak arroz bat egitea", azaldu dute antolatzaileek.

Beti bezala larunbatean auzoko gazte eragileen eskutik (Sumendi, Ernai eta Judimendiko Gazte Asanblada) gazte eguna antolatu dute, eta hainbat ekintza egongo dira: poteoa, gazte bazkaria, bingo musikatua, zunba herrikoia, ekitaldia, gaueko txapelketa etab.

Lau gauetan, ohikoa den moduan, Txosnagunea Sefarad plazan egongo da, eta kontzertu ugari entzuteko aukera izango dugu; ostegunean auzoko taldeak (Incense, Duelo, Lehia) Kimuk Afro Sesion eta Xerula izango ditugu, ostiralean Leihotikan, Ziztada & Rlantz eta DJ Malandro, larunbatean Ziraun, Zilibito Records, Gora Etorri eta DJ Pomeranian, eta igandean Akerbeltz erromeria.

Gainera, aurten auzoko jaietako pertsonaia sortzeko lehenengo pausuak eman dituzte; horretarako, auzoko eskolekin harremanetan jarri dira, eta umeek marrazkiak egin dituzte. Momentu honetan eskoletako marrazki irabazleak ikusgai daude Judimendiko gizarte etxeko erakusketa batean eta bozkatzeko aukera dago; laster irabazlea aurkeztuko dute, eta asmoa datorren urtean marrazki irabazlea digitalizatzea da.

Ostegunean, ekainaren 20an, hasiko dira Judimendiko jaiak. Argazkia: Judimendiko jai batzordea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago