Judimendiko bolatokia konpontzea exijitu diote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2024ko ekainaren 5a

Bolatokia konpontzea eskatzeko egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Judimendiko eragileak.

Auzoko elkarte eta bizilagunek salatu dute jaietan bolatokia komun publiko bihurtzen dela udalaren utzikeriaren ondorioz. Gasteizko Udalak konponduko zuela hitzeman zuen duela hilabete batzuk.

Gasteizko Judimendi auzoko elkarte eta bizilagun ugari elkartu dira gaur auzoko bolatoki arabarrean, udalari eskatzeko "bere hitza bete eta behingoz konpondu" dezala. Salatu dute ezin dela bolatokia erabili, egoera kaskarrean dagoelako. Bolatokiko egurrean belarrak ditu, zoru irregularra du eta zati batzuk higatuak daude, ohartarazi dutenez, eta arriskua sortzen du inguratzen diren pertsonentzat. Lierni Arakamak, auzoko elkarte eta auzokideen bozeramaileak, adierazi du Judimendiko jaietan komun publiko gisa erabiltzen dutela pertsona askok bolatokia.

Duela hilabete batzuk auzoko bizilagunek bolatokiaren egoeraren berri eman zioten Gasteizko Udalari, eta udalbatzak konponduko zuela erantzun zuen. Baina orain salatu dute hilabeteak igaro eta oraindik ezin dela erabili. Gezurretan aritzea leporatu diote udalari, kirol zerbitzuen webgunean adierazten delako bolatokia egoera onean dagoela eta erabiltzen ari dela.

Bolatokia komun publiko

Maider Etxeberriaren Udal Gobernuak Judimendirekiko interes falta duela salatu dute gaurko agerraldian. Aurreko urteetan ere eskatu izan diote udalari komun publikoak jartzeko auzoko jaietarako, baina ohartarazi dute aurten ere ez dituztela jarriko. Atsekabez aurreikusi dute jaietara hurbildutako milaka pertsonetatik askok bolatokia erabiliko dutela pixa egiteko, eta "zerrikeri bat" dela esan dute.

Garai berri baten inaugurazioa

Auzokideak auzolanean hasi dira bolatokia itxuraldatzen. Harrizko egituran zeuden margoketak ezabatu eta bertako artista batekin kolaborazioan mural bat margotu dute bertan. Adierazi dutenez, espero dute itxura berritze honekin "garai berri bat inauguratuko" dela.

Bolatokia auzokideek margotu aurretik eta ondoren. Argazkia: Judimendiko eragileak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago