Etorkizunari begira jarraitu beharreko ildoez hausnarketa egin nahi du Errekabarri eskolako (Salburua) guraso elkarteak. Prozesu horretan laguntzeko dokumental bat prestatzen ari direla azaldu du Haizea Miranda (Gasteiz, 1982) Errekabarri Eguzkia IGEko kideak.
Mikromezenasgo bat prestatu duzue. Zertarako?
Crowdfundinga zabalagoa den proiektu baten parte baino ez da. Izan ere, hezkuntza komunitate bezala hausnarketa bat egin nahi dugu, hemendik bi urtera jorratuko ditugun lan ildoak zehazteko; dokumentala horretarako tresna izango da. Izan ere, bi adituk esan ziguten hausnarketa hori taxuz egiteko agian hoberena zela orain arteko ibilbidea ondo azaltzea. Horregatik sortu da dokumental honen ideia. Hamar urte hauek kontatu nahi ditugu, hezkuntza komunitatean parte hartu duten agente guztiekin. Diru laguntza bat eskatu dugu ere, baina hori jasoko bagenu ere, guk kalitatezko zerbait egin nahi dugu, Salburukoa den Huts Laborategia proiektuko bi emakumerekin elkarlanean. Horregatik, Itsulapikoa.eus plataformaren bitartez abiatu dugu diru bilketa.
Nolakoak izan dira urte hauek?
Errekabarri oso hezkuntza komunitate bateratua izan da beti. Hasieran auzoan ez zegoen eskola nahikorik, umeak ez ziren kabitzen, eta familiek Jaurlaritzari beste eskola bat egiteko erreklamatu zioten. Eskaera horretan guraso asko elkartu ziren. Gero sortu zen eskola, baina berandu eraiki zuten, eta sei urtez Zaramagako ikastetxe batean egon gara. Ikastetxe horretan gurasoek, klaustroak zein zuzendaritzak hausnarketa bat egin zuten, eta erabaki zuten beste proiektu pedagogiko mota bat abiatu nahi zutela. Horretarako beste eredu batzuekin elikatu izan dira. Kasurako, Antzuola Herri Eskolaren proiektuarekin. Ondoren Salburuko gure eraikinera etorri ginen, eta pixkanaka proiektu pedagogiko hori egokituz joan da, besteak beste, gero eta ikasle gehiago batu direlako.
Orain hausnarketa berria, beraz...
Bai. Denboran zehar aldaketak izan dira, egindakoak ebaluatzen eta aldatzen doazelako. Baina nabaritu genuen gurasoen aldetik proiektu pedagogikoaren ezagutza eta horrekiko lotura pixka bat galdu dela. Beste leku askotan bezala, Covid-19a eta gero partaidetza jaitsi da, eta ikusi dugu komunitatea indartu behar genuela, proiektu asko martxan jarri nahi ditugulako. IGEan hainbat lantalde ditugu: euskara batzordea, jolastokia, berdintasuna... horiek indartu nahi ditugu orain, hamar urte hauei buruzko hausnarketan abiatuz, eta prozesu parte hartzaile bat eginez.
Barne begirako kontua al da?
Ez. Dokumentala Errekabarri 10 urte deitzen da berez, baina ez gara mugatuko gure historia kontatzera. Uste dugu beste hezkuntza komunitateentzat ere interesgarria izan daitekeela dokumentalean jasota geratuko dena. Eskola askotan ari direlako horrelakoak egiten, eta uste dugu beste batzuek ere gure esperientziatik elikatu daitezkeela. Guretzat estrategikoa da kanpora begira lan egitea.
Zein da zuen hezkuntza proiektuaren ezaugarri nagusia?
Tira, kontu asko dira, baina esan dezakegu batez ere ikasteko modua dela. Adibidez, Haur Hezkuntzako ikasleek zirkulazio librea dute, beste geletara pasatu daitezke, eta beste maila batzuekin harremana dute. Orain gero eta eskola gehiago batu dira horrelakoetara, baina gu aspalditik ari gara proiektuen bitartez ikasketak antolatzen.
Zein izan da zailtasunik handiena?
Zerbait nahiko dinamikoa denez, irakasleek etengabe materiala sortu behar dutela, agian. Izan ere, ikasleek aukeratzen dute zeri buruzko proiektua landu, eta gero proiektu horiek uztartu behar dira legez curriculumak eskatzen dituen minimoekin. Horretara moldatzea zaila da. Demagun, giza gorputza landu nahi badugu, horri lotutako kontzeptuak irakasgai guztietara moldatu behar ditugu, eta horiek ere lotu hezkuntza curriculumari.
Kontaktuan al zaudete beste ikastetxeekin?
Bai, oso harreman estua dugu auzoko beste bi eskola publikoekin: Arantzabela eta Salburua eskolekin. Euskaran, aisialdian, tokiko elikagaien sustapenean... lanean ari gara. Tira, iaz inauterietako konpartsa egin genuen! Auzo bizia da hau, eta, egia esanda, komunitate izaera handia daukagu.