Caritasek salatu du prezioen igoerak, "merkatu beltzak" eta "mafiek" etxebizitza eskubidea zailtzen dutela

Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 22:09

Caritaseko ordezkariak urteko txostena aurkezten. Argazkia: Caritas

Urteko jardueraren txostena aurkeztean salatu du etxebizitzak alokatzen direla erroldarik eman gabe eta erroldak alokatzen direla bizilekurik eskaini gabe. Ohartarazi du haurrak dituzten familiak kalean bizitzen ari direla Gasteizen.

Arabako Caritas elkarteak urteroko txostena argitaratu du, artatu dituzten pertsonei buruz eta etxebizitzarekin dauden arazoak azalduz. Ramon Ibeas Caritaseko idazkariak salatu du zailtasun handiak daudela Gasteizen etxebizitza lortzeko, eta hainbat arrazoi aipatu ditu arazo iturri gisa. Ohartarazi dute etxebizitzen alokairuaren prezioak igo izanak murriztu egin duela etxebizitza eskubidea, eta azaldu ondorioz pertsona asko daudela behartuak etxebizitzak partekatzera, eta baita gelak partekatzera ere. Aurreko urteetan ere ohartarazi izan dute "gizartean haustura" sortzen ari dela etxebizitzaren harira.

"Mafiek" egoera baliatzen dutela aipatu du Ibeasek. Esan du "lokalak" edo "kamaroteak" alokatzen dituztela eta ondoren bertan bizitzen sartzen dutela jendea, egoera kaskarrean, daukaten beharra eta larritasuna probestuta. "Merkatu beltzak" sortzen dituen arazoez ere ohartarazi du Caritasek. Bi zentzutan da arazoa legez kanpoko merkatua, diotenez. Batetik, etxebizitzetan bizitzeko alokairua kobratu arren ez dietelako errolda izateko baimenik ematen eta, bestetik, erroldak saldu edo alokatzen dituztelako pertsona horiek bizi ez diren etxeetan.

Azaldu dutenez, askotan jendeak ez du etxebizitza lortzeko aukerarik ere izaten, eta salatu du badaudela Gasteizen haurrak dituzten familiak kalean bizi direnak. Gaitzetsi dute udalaren aterpe eta bestelako guneek ez dituztela beharrak asetzen. Alokairuek gehiegizko prezioa dutela adierazi du Ibeasek, eta sarbiderako dituzten irizpide baztertzaileak salatu ditu. Esparru publikotik dagoen "erantzuna eskasa" izanik, etxebizitza lortzeko arazo handiak daudela kritikatu dute.

Errolda lortzen laguntzeko gida

Auzoan Bizi etxebizitza sareak ere salatu izan du, Gasteizko beste eragile batzuekin batera, erroldarekin dagoen arazoa. Autodefentsa Juridikorako Gida bat aurkeztu zuen Erroldarik gabe, izaterik ez kanpainak, erroldatzerakoan dauden arazoei aurre egiten laguntzeko, eta duela gutxi adierazi zuten Auzoan Bizik sareko kide batek errolda lortu zuela gidako argibideak jarraituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago