Agerian utzi dute "gidoia aldatzeko beharra"

Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 20:00

Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko aldarria egin dute ehunka lagunek Gasteizen.

Aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, Euskal Herriko hainbat eragilek ikus-entzunezko politikak errotik aldatu daitezen eskatzeko manifestazioa egin dute gaur arratsaldez Gasteizko Foru Plazatik abiatuta.

Mugimenduko ordezkariek gogorarazi dute kultura eta ikus-entzunezko edukiak oso garrantzitsuak direla norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte kohesioan, eta topaketan kezka agertu dute Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. EITBk "sorrerako helburua baztertu" du, eta gaur egun gaztelaniak duela lehentasuna salatu dute. Horregatik, euskara erdigunean jarriko duten kultura eta ikus-entzunezko politikak ezarri daitezela eskatu dute antolatzaileek. "Herri bezala hazten jarraitzeko" euskarazko ikus-entzunezko eskaintza "zabala, duina, eguneratua eta erakargarria" beharrezko dela gaineratu dute, bai EiTBren eskaintzan, bai zineman eta streaming plataformetan.

Deialdiarekin bat egin dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak eta askotariko talde eta eragile euskaltzalek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago