"Izugarrizko zailtasunak ditugu. Karanbolak egin behar izaten ditugu gure haurrek zeozer euskaraz ikusi ahal izateko. Etengabeko borroka da". Mitxel Elortzaren hitzak dira, Aldatu gidoia euskararen alde! ekinaldiaren sustatzaileetako batenak, baina orokortua da nekea, larunbateko mobilizazioarekin bat egin duten askotariko atxikimenduak kontuan hartuta. Ikus-entzunezko politikak "errotik" aldatu daitezen eskatzeko, kulturgintza, euskalgintza, sindikalgintza, hezkuntza eta bestelako hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin. Gasteizko Foru Plazan elkartuko dira, 17:30ean.
Egungo "gidoiak" erabateko aldaketa behar duela uste du Elortzak, eta ikus-entzunezkoetan euskarak "ardatz" izan behar duela, streaming plataformetan, zineman zein EITBn. "Gaur egun ez da inolaz ere horrela, eta horregatik aurkeztu genuen kanpaina hau irailean. Herritarrei dagokie gidoi hau aldatzeko bultzada ematea, Eusko Jaurlaritza mugiaraztea". Ekinaldiko kideen arabera, EITBk sorrerako helburua baztertu du, eta gaztelaniak du lehentasuna gaur egun. "Adibide ugari daude. Legebiltzarrerako hauteskundeak izan berri ditugu, eta ikusi besterik ez dago nolakoa izan den debatea euskaraz eta nolakoa gaztelaniaz". Audientzia datu txikiei erreparatzen diete behin eta berriz telebista publikoko arduradunek, baina egungo eskaintzarekin "normala" dela uste du Elortzak: "Nola izango dira audientzia datu onak eskaintzen den programazioa ona ez bada? Nola kontsumituko ditugu euskarazko filmak?".
"Karanbolak egin behar izaten ditugu gure haurrek zeozer euskaraz ikusi ahal izateko"
Mitxel Elortza, Aldatu Gidoia
Hala, zenbait eskakizun zehatz plazaratu dituzte ekinaldiarekin. Besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuetan urteko %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea galdegin dute. Eta kanpaina hasi zutenetik pausoak eman badira ere, hutsune nabarmenak daudela azpimarratu du Elortzak. "Primeran plataforma aurkeztu zuten ikasturte hasieran, eta egia da atari txukuna dela, baina standby egoeran geratu da, ez da benetan puntako edukiz josi".
Ikus-entzunezko politiketan Katalunia erreferente izan daitekeela uste du Elortzak, besteak beste, haurrentzako plataforma berri bat abian jarrita. "Han egoera ere txarra zen, baina benetako apustua egin dute ikus-entzunezkoen alde, eta egun lehena da. Audientziak iraul daitezke benetako apustua egiten bada. Euskal Herrian gaur egun ez da apusturik egiten ari".
Era berean, EITBn euskarazko kulturari eta euskal sortzaileei "lehentasunezko tokia" egitea eskatu dute, eta Euskal Herri osorako jardutea. "Askotan bigarren plano batean geratzen dira Ipar Euskal Herria eta Nafarroa, eta lehenago jakiten dugu Albacete edo Murtzian gertatu den ezbehar bat Iruñean edo Donapaleun izan dena baino. Onartezina da".
Halaber, diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa-azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea eskatu dute, eta horiek sustatzea. Izan ere, 1990eko hamarkadan urtero 1.500 ordu bikoizten ziren bitartean, gaur egun 300 ordu inguru baino ez dira bikoizten. "Benetan egoera latza da, eta irauli beharra dago. Gainera, bikoiztaileek eta sortzaileek lan hitzarmen berri bat behar dutela uste dugu".
Proposamen horiek guztiak alderdi politikoei bideratu dizkietela gogoratu du Elortzak, eta Eusko Legebiltzarrean ere egin zuten aurkezpena, baina momentuz "hitz hutsak" baino ez dituztela jaso. "Gure proposamenak aukera bezala ikusi beharrean erasotzat hartzen dituzte Jaurlaritzan diren alderdiek, eta oker dabiltza. Eskua luzatu genien eta berriz luzatzen diegu". Ikus-entzunezkoen politikak aldatzeko elkarlana beharrezkoa dela uste du: "Txalupa berean denok egin behar dugu arraun".
Txalupa horretara batu dira, maiatzaren 18ko Gasteizko mobilizazioari babesa emanez, besteak beste, ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA, Euskal Herrian Euskaraz mugimendua, AEK, Ikastolen Elkartea, Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma, eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea. Foru Plazan egingo dute ekitaldi nagusia musika, bertsoak eta haurrentzako ikuskizunak tartean.