"Baliabide ekonomikorik gabe, baliabide material gutxirekin eta giza baliabide gehiegirik gabe" Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako ikasle asanbladak maiatzaren 18rako iragarri zuen eskolaren 250. urteurrena ospatzeko jaia.
Ospakizuna antolatzeko arrazoiei dagokionez bi aipatu ditu bereziki ikasle asanbladak. Batetik, "hiri honetan, aniztasun espazio batean artistikoki zein pertsonalki hazteko aukera ematen duen eskola bat" izatea ospatu beharra dago, eta bestetik, Zuzendaritza zein Patronatuak eskolaren urteurrenari dagokionez erakutsitako "utzikeria eta axolagabekeriari" aurre egin beharra.
Horregatik ekin zioten duela zenbait hilabete gaurko egunez ospatzekoa zein jaialdia antolatzeari; baina azken unean bertan behera utzi beharra izan dute egitarau guztia, eskatutako espazioak erabiltzeko baimena ukatu baitie patronatuak.
Asanbladatik azaldutakoaren arabera, jaia antolatzeko eskaera elkarte baten izenean egiteko beharra adierazi zitzaien, eta Gasteiz Txiki elkartearen bitartez bideratu zuten eskaera. Hiru astez erantzunik jaso gabe egon ostean, aipatutako elkarteak eskolaren jardunarekin zerikusirik ez duela argudiatuta, ezezkoa jaso zuten antolatzaileek.
Ikasleak "geletatik irten gabe, isilik eta sumisioan" nahi dituztela arbuiatu du asanbladak, azken hilabeteotan ikasle asanblada eta Patronatuaren arteko harremana gaiztotu ostean. Izan ere, martxoan Arte eta Lanbide Eskolako ikasleek "gardentasun falta" egotzi zioten patronatuari zuzendaritza berria hautatzeko prozesuan; hartutako erabakietan "pribatizazio zantzuak" ikusten baitzituen ikasle asanbladak.