250 urte beteta, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak ez du urtebetetzerik gozoena bizi. Ikasle asanbladak, mila bat ikasleren izenean, hainbat protesta antolatu ditu azken asteetan eraikinaren atarian, eskolako zuzendaritza berria hautatzeko prozesuari "gardentasuna" falta zaiolakoan. Asanbladako kide Alex Ruiz de Azuak ikasle eta irakasleen hitza "entzun eta errespetatzea" galdegin die patronatua osatzen duten ordezkariei.
Zuzendaritza aldaketa da protesta guztien iturburua?
Arrazoi nagusia izan daiteke, baina ez bakarra. Sintoma bat da, baina ez gaixotasuna. Joan den urtetik dator kezka. Udaberrian jakinarazi zuen patronatuko lehendakariak, Ana del Val kultura diputatuak, zuzendaritza berria hautatuko zutela, eta, horrekin batera estatutu aldaketak izan dira urte amaieran; abenduaren 4an izan zuten bilera patronatuko kideek, zubiaren aurreko astelehen hartan, jakinarazpenik gabe, inolako lekukorik gabe, zenbait erabaki hartu zituzten han. Batetik, zuzendaritzaren kargua lau urtetik bostera pasatzea adostu zuten, eta, bestetik, klaustroari zuzendaritza hautatzeko ahalmena kendu zioten, prozesu hori kanpoko enpresa bati esleituz. Orain arte, klaustrotik atera da zuzendaria, boluntario bat, eta, hemendik aurrera kanpoko pertsona batek eramango du, eskolarekin inolako loturarik izan beharrik gabe.
Ikasleak kontuan hartu gabe hartu du patronatuak erabaki hori?
Patronatuan une honetan asanbladak ordezkari bat du, eskolako ikasle ohi bat, baina ordezkaritza lanak egiten ez dituena. Zeharka jakin dugu, irakasleren baten bitartez, baina guri ez digute ezer esan. Guk ere uste dugu zuzendaritzak aldaketa bat behar duela, baina honek prozesu baten amaiera izan behar du; alde batetik, ikusi beharko dugu zeintzuk diren eskolaren beharrak, zein den eskolari eman nahi diogun norabide berria, eta horren araberako erabakiak hartu. Baina ez modu honetan, kolpea emanda. Eta erabakiak irakasle eta ikasleoi bizkarra emanda hartzen direnean haserrea pizten da, noski.
Nolako indarra duzue ikasleok patronatuan?
Oso txikia. Guk ordaintzen ditugun matrikulekin aurrekontu orokorraren herena betetzen da, alegia Arabako Aldundiak baino diru gehiago jartzen dugu, baina gure erabakitzeko ahalmena txikiagoa da.
"Gardentasuna" eskatu duzue protestaldian.
Behin eta berriro eskatzen dugu. Zer gertatzen ari da? Zergatik gertatzen ari da?
Susmorik baduzue?
Imajinatzen hasita... Frogarik ez daukagu, baina pribatizatuko duten beldurra bai. Honi guztiari ikusten diodan zentzu bakarra pribatizazioarena izan daiteke. Pribatizazioaren aurretik zer izaten da? Eskolaren kalitatearen jaitsiera.
"Frogarik ez daukagu, baina pribatizatuko duten beldurra bai"
Eta hala gertatzen ari da?
Kudeatzailea den zuzendari bat hartu nahi dute, hala zehaztu dute hautagaien baldintzetan, Pedagogia edo Arte ikasketak ez baditu ere. Ingelesaren ezagutza izan behar du, baina euskararena ez dute zehazten... Eta hortan gastatuko dituzte 50.000 euro, sukaldeko paperik ez dagoela esan bitartean...
Materiala falta al da?
Egun batean klasera joan, eta sukaldeko papera erosteko dirurik ez zegoela esan ziguten. Nola da posible? Paper hori oso beharrezkoa da zeramika, akuarela edo bestelako eskoletarako. Horretarako dirurik ez badago, zertarako dago? Kudeatzaile batek zera esango du: ez dago dirurik, ez dago dirurik... Eta eskaintza murrizten baldin bada, eskaerekin zer gertatuko da? Azken batean, pribatizazioa nahi dute merkeena delako, dena kanpora eraman: garbiketa, zaintza... Eta eskola pribatizatzen bada, edonora eraman daiteke, eta eraikin hau saldu, gozoki bat baita...
Aldaketa honek kolokan jar dezake Arte eta Lanbide eskola?
Bai, noski. Eskola honek beti aniztasun handia izan du, jende oso desberdina elkartu gara, nagusiak eta umeak, langabeak eta lana dutenak... Eta irakaslegoa ere beti egon da oso konprometitua, haiek ere badakitelako eskola hau ez dela besteak bezalakoa, eta inplikatu egiten dira. Leku honek beti izan du bokazio bat: arte ederrak zabaldu eta jendea artean heztea. Eta hori izan beharko litzateke helburua aurrerantzean ere. Eta ez etekina! Beti etekina!
Elkarrizketarik izan duzue Kultura diputatuarekin?
Ez dugu izan. Azkeneko agerraldia egin genuenean ez genekien, baina gero jakin dugu Ana del Valek oso argi duela horrela egin behar dela. Dena erabakita dagoela. Eta ez dugu ulertzen. Gure eskaera da ikasleak eta irakasleak kontuan hartzea; eurek ondo ezagutzen dute eskola. Bila dezagun konponbide bat. Helburua eskola sendoagoa izatea izan behar da, ez merkeagoa. Ziurrenik, erakundeetako ordezkariek ez dakite nolako altxorra duten esku artean; berdin zaie, eta egitasmo merke bat nahi dute. Ez dakite gauza oso preziatua dutela, handia.
Mobilizazioak aurreikusi dituzue?
Momentuz, ez. Guk gure protesta egin dugu, eta uste dugu orain beste aldetik egon behar dela mugimendua. Erantzunaren zain gaude. Halere, protestarako ideia ugari ditugu, eta, esan beharrik ez dago, arte eskola honetan sormen gaitasun handia dute ikasleek.