Nestor Basterretxea. Artxiboa erakusketa inauguratu du Artiumek, artistaren jaiotzaren mendeurrenean, haren unibertsoan barneratzeko asmoz. Basterretxea Irurzun familiak 2023an Artiumi dohaintzan emandako artxibo pertsonal marduleko dokumentu sorta bat biltzen du erakusketak —zirriborroak, oharrak, proiektu zinematografikoak, eskultura publikoen eta diseinu industrial eta grafikoen proiektuak, eta proposamen arkitektonikoak, besteak beste— . Irailaren 22ra arte bisitatu ahal izango da.
Obra horien guztien katalogazio eta kontserbazioan museoak lan sakona egin du, eta Elena Roserasek eta Beatriz Herraezek komisariatu dute erakusketa, Matias Fajn-en laguntzarekin. Halaber, Artium museoak liburu bat argitaratu du Elena Roserasen eta Matias Fajn-en testuekin, eta Peio Agirre arte kritikari eta komisario independenteak mendeurrenaren dela eta egindako biografia batekin.
Artxiboaren egituran zehar ibili ahal izateko eran erakutsi nahi izan dira dokumentuak
Erakusketa Artium murgilduta dagoen "memoria ikertzeko eta zaintzeko" proiektu baten emaitza da, XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte Euskal Herriaren testuinguruan garatutako praktika artistikoekin zerikusia duten artxibo eta funts dokumentaletan oinarritua. Basterretxearen ondare dokumentala funtsezko pieza da proiektu horretan, "XX. eta XXI. mendeetan Euskal Herrian garatutako praktika artistikoak ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen baitu".
Erakusketaren aurkezpenean azaldu dutenez, artxiboak biltzen dituen materialak aztertzea, antolatzea, deskribatzea, digitalizatzea eta testuinguruan kokatzea "lagungarria da artearen ezagutza zaintzeko eta aberasteko, baita artista bere testuinguru historiko eta kulturalean kokatzen duten narratibak eraikitzeko ere".Bestalde, artxibo horien eskuragarritasuna eta zabalkundea "funtsezko oinarriak dira ondare dokumental baliotsu hori komunitate artistikoarekin eta gizartearekin partekatzeko".
Museoko arte-bildumarekin jarraipen dinamiko bat eratzeko asmoz —artelanek eta dokumentuek osotasun bat osatzen dutela eta ondarea bizirik mantentzeko elkar aktibatzen dutela—, artxiboari beste begirada bat eman eta komunitatearen eskura jartzearen aldeko apustua egin dute, azaldu dutenez, aldi berean haren nortasuna errespetatuz. Artxiboaren ikuskera horri jarraiki, beren egituran zehar ibili ahal izateko eran erakutsi nahi izan dituzte dokumentuak. Erakusketaren narratibak dokumentu funtseko materialetan jorratutako gaiei jarraitzen die, eta artistaren ibilbidearen "ikuspegi murgiltzaile eta argigarria" ematen du.
Sailetan antolatuta
Horretarako, Nestor Basterretxea. Artxiboa erakusketak hainbat sailetan antolatutako dokumentu sorta zabal bat biltzen du: eskultura eta obra publikoko proiektuak, diseinu industrialeko proiektuak, diseinu grafikokoak, proposamen arkitektonikoak eta bolumetriak, egin gabeko proiektu zinematografikoak eta kultur etxeetarako planteamendu desberdinak, besteak beste.
Basterretxeari buruzko erakusketa dokumental honek haren bizitza, obra eta ondarea ospatu nahi ditu, eta, aldi berean, haren unibertso artistikoa esploratzen jarraitzeko ikuspegi eta aukera berriak eskaintzen ditu, komisarioek azaldu moduan.
Gainera, artistaren jaiotzaren mendeurrena dela eta sortutako web orriari esker, Artium museoaren Dokumentazio Zentroko Nestor Basterretxea Artxiboko dokumentuak eskura daitezke, 5.000 dokumentu baino gehiago dituen artxibo pertsonal zabala, besteak beste, proiektu artistikoei, zirriborroei, eskuz idatzitako testuei eta mekanografiatuei, gutunei, zinema-gidoiei, prentsa-ebakinei, argazkiei eta Biok altzari modernoen diseinurako enpresaren inguruko materialei buruzko dokumentazioa. Hartara, artistari buruzko dokumentazioan interesa duten pertsonek artxibo osoa kontsulta dezakete www.nestorbasterretxea100.artium.eus webgunean.
Gainera, EHUren udako ikastaroa eskainiko dute Artiumen, ekainaren 20an eta 21ean, Basterretxearen ibilbide pertsonal eta profesionalean sakontzea xede, arte garaikideari egin dizkion ekarpenak aztertu eta testuinguruan kokatuz.