Artium museoak Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteartean, apirilaren 23an, jendaurreko irakurraldiaren edizio berri batekin. 10:00etatik aurrera izango da museoko emanaldi aretoan, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. Oraingo honetan, irakurketak Nestor Basterretxearen omenez egingo dira, haren jaiotzaren mendeurrenean.
Artiuumen jendaurreko irakurraldien ekimena hamaseigarren ediziora iritsiko da, irakurtzearen esperientzia partekatu nahi duten pertsona guztientzako topagune gisa. Gainera, aurten, Basterretxeari (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) eskainiko zaizkio irakurketak, haren jaiotzaren mendeurrenean. "Museoak artista polifazetikoari, XX. mendeko euskal sortzaile esanguratsu eta eraginkorrenetako bati buruzko testu batzuk aukeratu ditu. Nolanahi ere, nahi duenak bere testua ekarri ahal izango du, artearen eta kulturaren munduari lotuta badago", azaldu dute antolatzaileek.
Jarduera streaming bidez emango da, museoaren Youtubeko kanalaren bidez. Parte hartzeko beharrezkoa da 945-209012 telefonora deitzea edo biblioteca@artium.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea, harremanetarako telefono bat eta 10:00etatik 14:00etara irakurketetan parte hartzeko aukeratutako ordua adieraziz.
Aurten etorriko direla baieztatu dutenen artean Gorka eta Mikel Basterretxea daude, artistaren seme-alabak; Oteiza Museoko zuzendariorde Juan Pablo Huercanos, bideokonferentzia bidez; Gerardo Armesto artista, eta Gasteizko Helios Okupazio Zentroko lau kide (tutoreekin batera), besteak beste.
"Bookcrossing"
Gainera, Artiumek "liburuak askatzeko" ekimena bultzatu eta koordinatu du aurten ere. Ekimen horretan berrogeita hamar museo eta kultur zentro inguruk hartuko dute parte aldi berean, gaur hasi eta astelehenera arte, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia Museoak, Gasteizko Montehermoso Kulturuneak, Hernaniko Chillida Lekuk, Las Palmaseko CAAMek eta Valentziako IVAMek.