Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformak Udalari presio egiten jarraitzen du, "Gasteizek behar duen" espazioa zabaldu dezan. Horretarako elkarretaratze bat deitu dute ostiral honetarako, maiatzaren 17rako. 12:30ean izango da, Plaza Berrian, udaletxe parean. "Baietz 100 lagun batu!" adierazi dute deialdiarekin batera.
Plataformako kideek mozio bat aurkeztuko dute ostiralean, herritarren txanda baliatuz, kanpoan elkarretaratzea dagoen bitartean. Mozio horretan eskatuko dute "Udalak sortu duen arazoa Udalak konpon dezala", eta Gasteiz Antzokia lehenbailehen irekitzeko.
Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformak sinadura bilketa abian jarri zuen martxoan, herritarren babesa jasotzeko asmoarekin. Oraindik ere zabalik jarraitzen du sinatzeko aukerak, hemen sakatuta sinatu daiteke manifestua. "Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturzaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako".