SOS Olarizuk salatu du Udalak zelaia merkantilizatu duela

Erredakzioa 2024ko mai. 15a, 09:39

SOS Olarizu plataformak egindako protesta. Argazkia: SOS Olarizu

Olarizuko labirintoarekin hiritarrena zen espazioa turismoari bideratzea gaitzetsi dute. Udalaren zuriketa salatu dute "auzokideekin akordioa" egin izana aipatu duelako.

Beatriz Artolazabal alkateordeak astelehenean jakinarazi zuen Olarizuko labirintoaren proiektuan moldaketa batzuk egin zituztela. Txikiagoa izango da labirintoa eta sarrera gehiago izango ditu. Astelehenean bertan abiatu ziren lanak Olarizuko zelaian. SOS Olarizu plataformak ohar bat kaleratu du argudiatuz Olarizu ez dela leku egokia labirintoa eraikitzeko, besteak beste, "hiritarrena zen espazioa turismora bideratu" nahi dutelako.

Olarizuko zelaiaren merkantilizazioa salatu du plataformak. Lanak martxan ikusteak "atsekabea" sortu diela adierazi dute, eta gogorarazi dute Eraztun Berdean eragin kaltegarria izango duen proiektu hau abiatu dela prozesu parte hartzailerik gabe eta hiritarren babesik gabe.

Plataformatik Udalaren "aurpegi zuriketa" kritikatu dute. Artolazabalek auzokideekin akordioa egin izana ospatu zuen astelehenean, baina SOS Olarizuko kideek adierazi dute Etxebarria eta Artolazabalen Udalak inoiz ez duela "benetako negoziaketarik" egin haiekin, ez zuelako inoiz proiektua aldatzeko aukerarik baloratu ere egin. Salatu dute Artolazabalek iragarritako moldaketak estetikoak besterik ez direla, eta ez dutela aldatzen ingurumenean izango duen eragina.

SOS Olarizuko kideek Gasteizko hiritarrei eskertu diete jasotako babesa. 6.000 sinaduratik gora bildu dituzte azken hilabeteetan Udalaren proiektuaren aurka, eta atxikimendua jaso dute auzo elkarte eta bestelako erakunde ugariren partetik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago