Gasteizko Olarizu auzoko bizilagunekin hitz egin ondoren, hainbat aldaketa egin ditu udalak landare-labirintoaren proiektuan. Batetik, lekuz aldatuko da labirintoa, hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzeko. Hala, ipar-mendebaldean proiektatutako "tontorra" kenduko dute, Dehesaren Etxera sartzeko bidetik ikuspena hobetzeko. Ondorioz, labirintoak hartuko duen azalera eta haren perimetroaren zerrenda murriztu egin dira, eta, azkenean, 3.900 metro koadro izango ditu.
Bide berri bat ere egingo dute, labirintoaren ipar-ekialdera, parkearen ekialderantz dagoen bidearekin auzoa lotu ahal izateko. Auzoko biztanleek konexio hau eskatu zuten lorategi botanikoraino jarraitu ahal izateko. Beatriz Artolazabal alkateordeak azaldu duenez, "hasierako proiektuan, sarrera bakarra zegoen. Orain, ordea, zuhaitzez inguratutako plaza txiki bat sortu dugu sarreraren ondoan. Horri esker, hiru sarbide izango ditu. Konektagarritasuna hobetu eta joan-etorri sakabanatuagoa erraztuko dugu. Zuhaitz gehiago izango ditu plazak, labirinto inguruan banatuta egongo diren hamabi zuhaitz berrirekin".
Zelaian egin beharreko lanak astelehen goizean hasi dituzte, eta sei hilabete iraungo dute. Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasota dago proiektua eta Next Generation EU funtsetatik iritsitako Europako finantzaketa jaso du. Aurrekontua 474.742 eurokoa da.