Aiztogile kaleko etxe okupa bat hustu du Udaltzaingoak

Jon Hidalgo 2024ko mai. 13a, 13:24

Aiztogile kaleko 92. zenbakia hustu dute udaltzainek. Argazkia: ALEA

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia. Udalak gazteak emantzipatzera bideratutako etxebizitzak okupatu zituen Gazte Emantzipaziorako Sareak.

2017ko maiatzean jakinarazi zuen GES Gazte Emantzipaziorako Sareak hiru etxebizitza okupatu zituela, horietako bat zen Aiztogile kaleko 92. zenbakia. Gaur 10:00ak aldera udaltzain auto ugari hurbildu dira bertara eta etxebizitza husteari ekin diote. Bi ordutik gora egon da moztuta Aiztogile kalearen atal bat, udaltzainek eta etxegabetzea betetzera deitutako langileek barruan zeuden objektuak atera bitartean. Ez da erresistentziarik egon eta lortu dute etxea hustea. Ate blindatu bat jarri dute sarreran, jende gehiago sartzea galarazteko.

Ensanche 21 Zabalgunea da etxebizitzaren jabea. Udalak gazteak emantzipatzeko laguntzetara bideratuak zituen 92. zenbakiko lau etxebizitzak. Horietako batzuk erabili ziren gazteei alokairuan emateko baina beste batzuetan inoiz ez zen inor bizi izan, okupa gisa bizitako pertsonek azaldu dutenez. "Udalaren utzikeria eta emantzipatzeko zailtasunak" argudiatuta okupatu zituen etxebizitzak Gazte Emantzipaziorako Sareak, Txikita eta Pintore kaleetako beste eraikin batzuekin batera.

Otsail amaieran heldu zitzaien lehen abisua Aiztogile kaleko 92. zenbakiko bizilagunei. "Okupatzaile ezezagunei" bideratua zegoen eskutitz bat jaso zuten, etxegabetze prozesua abiatu zela esanez. Martxoaren 13ko Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten etxegabetze agindua eta maiatzaren 13a aipatzen zen bertan azken egun gisa. 13an bertan etorri dira udaltzainak eta hustu dute eraikina. Bost gazte bizi ziren orain 92. zenbakian. Bizilagunek adierazi dutenez, hamabost lagunetik gora bizi izan dira bertan azken zazpi urteotan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago