"Gasteizen etxebizitza eskubidea ukatzen zaigunoi zuzendutako mugimendu berri bat da", azaldu dute Gasteizko Emantzipaziorako Sareko kideek Alde Zaharrean egin duten aurkezpen agerraldian. "Kaleratze sistematikoak, auzokideei estortsioa egin, espekulazio masiboak, emantzipatzeko ezintasuna... erakundea eta interes pribatuek sortutako arazo guzti horiei konponbidea eman nahi diegu", zehaztu dute. Etxebizitza eskuratzeko "modu ezberdinak aldarrikatzeko" jaio direla azaldu dute.
Etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzen du GESek, eta "honekin espekulatzen" ari direla salatu dute: "Okupazioa arazo horri aurre egiteko tresna bat da". Hala, hiru dira sareak Alde Zaharrean okupatu dituen blokeak; Txikita kaleko 14. zenbakia, Pintore kaleko 20. zenbakia eta Aiztogile kaleko 92. zenbakia, hirurak Ensanche 21 sozietatearen jabetzakoak dira. "Etxe hauek sei urte baino gehiago zeramatzaten hutsik", argitu dute GESeko kideek.
Udalarekin tirabirak
Bestetik, Gasteizko Udalaren manipulazioa salatu dute. Adierazi dutenaren arabera, "Udalak bazekien bloke hauek okupatuta zeudela, eta, halere, adierazi zuen gazteentzako alokairu sozialetara bideratuta zeudela bloke horiek". Orain, ordea, etxe horiek "etxe sozialak" badirela aldarrikatu dute.
Uztailaren 3an, Alde Zaharreko blokeak okupatu zituzten gazteak epaituko dituzte, euren esanetan, "etxe huts horiek berreskuratzen saiatzeagatik".
Azkenik, "gazte oro proiektu honetan parte hartzera" animatu dute, eta "gainerako gasteiztarrak ekimen hau defendatzera" gonbidatu dute. Ekainaren 3an Errekaleor defendatzeko manifestazioan izango direla esan dute.