Txagorritxuko Larrialdietako Zerbitzuko langileek beste urrats bat egin dute azken hilabeteetako protestan. Astearte honetan, manifestazioa egin dute Txagorritxuko ospitaletik Eusko Jaurlaritzara. Astelehenetik ostiralera, goizeko lehen orduan, Txagorritxu Ospitaleko atean kontzentratzen dira langileak; astelehenetan eguerdi partean ere elkartzen dira.
Herritarrei behar bezalako arreta "segurua eta kalitatezkoa" emateko behar duten langileen kopurua handitzeko eskatzeko egin dute protesta. Izan ere, salatu dutenez, 2022an larrialdiak bateratu zirenetik eta Txagorritxun bildu zirenetik, ez dago "kalitatezko arreta" emateko adina langile.