2024ko Andre Maria Zuriaren Jaietako kartela aukeratzeko prozedura aldatu du Gasteizko Udalak. Gaur Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu duten deialdiaren arabera, lehiaketan zuzenean kartelak aurkeztu beharrean, hautagaiek dosier bat aurkeztu beharko dute, 3-5 ilustrazioez osatutakoa. Horietatik bi kartelak izan beharko dira.
Deialdiak zehaztutakoaren arabera, kartel horiek "lehenago egindako lanetakoak edo simulazioak" izan ahalko dira. Horren bidez, balioetsi nahi dituzte "arte lanaren azkeneko emaitzaren kalitatea, bai eta hautagaiaren estiloa edo gaitasunak ere, ilustrazio nahiz diseinu lanetan".
Lehen iragazki hori jarrita, epaimahaiak bost finalista aukeratuko ditu. Horiek, behin diseinua bukatuta, erdi bukatuta edo zirriborroan aurkeztu ahalko dute lehiaketarako kartela, "sortzaileak nahi duen moduan, baldin eta kartelaren estiloa eta konposizioa argi erakusten badu". Horiek guztiek 500 euroko saria jasoko dute. Azkenik, bost horien artean behin betiko kartela hautatuko dute, eta irabazleak beste 2.000 euro jasoko dute, finalista gisa irabazitako 500 euroez gain.
Maiatzaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak, eta hil horren 31n jakinaraziko diete lehen faseko epaia finalista izan direnei.
Otsailean polemika sortu zen kartel lehiaketen munduan, jakin baitzen Murtziako ilustratzaile batek 100.000 euro inguru irabazi dituela ustez adimen artifizialean abiatutako diseinuekin. Gasteizen 2018an, 2020an eta 2022an izan zen irabazle, inauterietako kartel lehiaketetan.