Azken egunetan zalaparta handia sortu du Ruben Alessandro Lucas Garcia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoaren kasuak. "115.000 euro irabazi ditu Adimen Artifizialak egindako obrekin, eta bost urteren ondoren pastela argitara atera da", zioen 3D Juegos hedabideak duela egun batzuk. "Ruben, Espainian sari guztiak irabazten dituen ilustratzaile murtziarra", dio gaur bertan El Pais egunkariak argitaratutako beste albiste batek.
Hedabide horien arabera, Lucas Garciak 170 lehiaketa inguru irabazi ditu azken bost urteetan, 2019tik, adimen artifizialarekin egindako ilustrazioekin. Googlen bilatuz gero, baieztatu dezakegu artista murtziarrak dozenaka kartel lehiaketa irabazi dituela. Hainbat txiolarik adimen artifiziala erabiltzea leporatu diote, bai eta oso antzekoak diren lanekin lehiaketa ezberdinak irabazi izana ere. Polemika piztu duen azken lana Irungo (Gipuzkoa) aurtengo inauterietarako egindako kartela izan da.
Baina hurbilago ere, artista honen arrakastaren berri izan dugu. Izan ere, Gasteizen gutxienez hiru lehiaketa irabazi ditu azken urteetan; eta, guztira, 4.500 euro irabazi ditu Arabako hiriburuko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketetan:
- Miau, 2018ko Gasteizko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketan: 1.500 euroko saria
- Deseo, 2020ko Gasteizko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketan: 1.500 euroko saria
- Lata, 2022ko Gasteizko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketan: 1.500 euroko saria
Gaur egun, gero eta sektore gehiagotan gero eta errotuago dagoen lan tresna da Adimen Artifiziala (AA), baina zilegi al da kartel lehiaketak irabazteko erabiltzea?
"Nor da Ruben Lucas Garcia eta zergatik irabazten ditu hainbeste kartel lehiaketa AAk sortutako irudiekin?", galdetu du sare sozialetan @Afilamazas txiolariak. "Kontua da AAk sortutako irudien boomaren aurretik ere horrelako lehiaketa pilo bat irabazten zituela, gutxienez susmo txarra eragiten dizuten kartelak aurkeztuz". Gainera, antza denez, aurten hainbat lehiaketa irabazi ditu dagoeneko Irungoaren oso antzekoak diren kartelekin.
"Eta non dago arazoa? Duela gutxi kartelak litografiak ziren; eskuz marrazten ziren. Gero argazkilaritza analogikoa etorri zen, gero argazkigintza digitala, photoshopa, eta orain Adimen Artifiziala... Garrantzitsuena kartela ona izatea da, eta ez errepikatzea", erantzun du @malkolodi txiolariak.
Eztabaida, gutxienez, mahai gainean dago.