Milaka pentsiodun mobilizatu dira Gasteizen

Erredakzioa 2024ko api. 18a, 16:08

Eusko Legebiltzarrean gutxieneko pentsioaren osagarria onar dadin, herri ekimen legegilea lantzen ari dela iragarri du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

 

Gasteizko kaleak hartu dituzte goizean pentsiodunek. Antolatzaileen arabera, hiru mila lagun bildu dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazioan, pentsio duinak behar eta nahi dituztela aldarrikatzeko. Hala, igande honetako hauteskundeen ostean osatuko den Eusko Legebiltzarrean hori lortzeko herri ekimen legegilea abiatuko dutela iragarri dute.

Azken hilabeteetan, Hego Euskal Herriko 200 udaletan baino gehiagotan eta batzar nagusietan aurkeztutako 1080 Gutxieneko Pentsioaren Osagarriaren mozioari emandako erantzunak "legitimitate berria eta bultzada handia" eman diela azaldu dute pentsiodunen mugimenduko bozeramaileek. Hartara, mozio horrek jarraipena izango du lantzen ari diren herri ekimen legegilean. "Eusko Legebiltzarrean gutxieneko pentsioaren osagarria onar dadin nahi dugu, EAEn jasotako diru sarreren nahikotasun irizpideetara iritsi arte".

Halaber, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi politikoei zuzendu dira pentsiodunak, eta honako hau eskatu diete: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzeko konpromisoa hartzeko eskatzen diegu; genero arrakalarekin amaitzeko eta osasun zerbitzu publikoak eta mendekotasunaren eta zaintzaren arretarako zerbitzu publikoak hobetzeko neurri eraginkorrak hartzea. Ez ditugu promesik nahi, ezta paper bustian geratzen diren akordiorik ere", azpimarratu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago