Bizitza eta zahartzaro duinen aldeko aldarria kalean izango da asteon, berriro. Izan ere, hauteskunde kanpainaren azken astea aukeratu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bere aldarrikapenak egiteko. "Hego Euskal Herriko 200 udal baino gehiagotan eta Batzar Nagusietan aurkeztutako 1080 Gutxieneko Pentsioaren osagarriaren mozioari emandako erantzunak legitimitate berri bat eta gure aldarrikapenei bultzada handia eman die", esan dute.
Hartara, bi mobilizazio egingo dituzte hurrengo orduotan, Gasteizen. Asteazken honetan bertan, hilaren 17an, EAJk eta PSE-EEk sinatu duten Zainketen Aldeko Euskal Ituna salatzeko asmoarekin, aldarrikapen ibilaldi feminista egingo dute, Arabako emakume pentsiodunek deituta. Hurrengo egunean, hilaren 18an, berriz, gutxieneko pentsioen osagarria "bermatzeko", mobilizaziora deitu du EHPMk, eta bertan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietako pentsiodunen plataformek hartuko dute parte.
Deriba feminista
Asteazkeneko mobilizazioa Gasteizko Plaza Berrian abiatuko da, 12:00etan, eta 13:30ean amaituko da, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Hainbat aldarrikapen lotuko dituzte ibilbidean zehar. Hala, Gasteizko udaletxearen aurrean, etxez etxeko laguntza zerbitzu duin baten aldeko aldarrikapena egingo dute. Ondoren, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaordera joango dira, etxeko eta zaintzako langileen eta emakume arrazializatuen eskaerak eramateko. Albertia Egoitzaren aurrean ere bilduko dira, Arabako egoitzetako eta zaintzako langileen hitzarmen duinaren alde. Arabako Foru Aldundiaren aurrean, berri, Emakumeak Gerraren Aurka taldeak hartuko du lekukoa; eta azkenik, Eusko Legebiltzarraren aurrean, emakume pentsiodunek EAJk eta PSE-EEk sinatu duten Zainketen Aldeko Euskal Itunaren irakurketa egingo dute.
Manifestazioa bateratua
Bestalde, ostegunean, hilaren 18an, Bilbo plazan, 11: 00etan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako pentsiodunek hitzordua dute, gutxieneko pentsio duina eta nahikoa aldarrikatzeko. Manifestazioa Katedral Berrian amaituko da, 12:15ean.
2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean pentsiodunen elkarteek mozioak aurkeztu dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udaletan eta foru aldundietan. Funtsean, bi eskakizun biltzen ditu mozioak. Batetik, Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako gobernuari eskatzea 1080 eurora arte osa dezatela gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. Eta bestetik, udalbatzatan eta Batzar Nagusietan onarturiko akordioa helaraztea Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroaren kasuan Nafar Parlamentuari.