Manuel Lekuona Saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Erredakzioa 2024ko api. 12a, 08:56
Ana Urkizaren eskutik jaso zuen saria, Ignacio Aldekoa kultur etxean. / ALEA

Bere ibilbidean euskal kulturaren alde egindako lana aitortzen dion saria jaso du soziolinguista arabarrak.

Erakundeetako ordezkaritza zabal batek zein euskalgintzako erakunde ugaritako ordezkariek babestuta, Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen atzo, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Abel Ariznabarretak epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren, Eusko Ikaskuntzako Ana Urkiza lehendakariaren eskutik jaso zuen euskal kulturaren alde egindako lana aitortzen dion saria. Urkizaren hitzetan "begirada zabaleko intelektual bat, hizkuntza-egitateaz ikuskera integrala duena" da Martinez de Luna; "gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat" eta "hizkuntzaren alorreko lider eta bultzatzaile bat".

Bere hitzartzean, Martinez de Lunak jasotako babes eta zorion mezu guztiekiko esker ona adierazi zuen. Bizi osoan euskararekin izandako harremanaz eta euskarak Araban izandako bilakaeraz aritu bazen ere, etorkizunean jarri zuen fokoa. Gizartearen euskararekiko atxikimendua aktibatu eta zabaltzen joateko beharra azpimarratu zituen sarituak. Puntu beltz bakarra saria jasotzeko ekitaldia Izaskun Arrue Kulturgunean egin ezin izana aipatu zuen sarituak.

 

_DSC9870

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide