Foru plaza

Esne Beltza, Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak izango dira Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2024ko mar. 11a, 11:00
Esne Beltza, Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak. ALEA

Gasteizko jaietan, abuztuaren 4tik 8ra, Foru Plazan arituko dira Esne Beltza, Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak taldeak. Horrez gain, Los 40 La Blanca DJ saioak estreinatuko du jai gunea larunbatean, hilaren 3an.

Atzera kontaketa hasi da berriz ere. Bost hilabete baino gutxiago falta dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren 2024ko jaietarako. Urtero bezala, abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira —igandetik ostiralera—; jaiak igandean hasiko direnez, ohikoa denez, erakundeek, txosnek eta ostalaritzak lehenago ekingo diete ospakizunei.

Gasteizko Udalak adin guztientzako egitarau zabala antolatzeari ekin dio jada. Eta, oraingoz, Foru plazan hilaren 3tik 8ra, larunbatetik ostegunera, 00:00etan arituko diren sei taldeak baieztatu dituzte:

  • Abuztuak 3, larunbata: Los 40 La Blanca
  • Abuztuak 4, igandea: Esne Beltza
  • Abuztuak 5, astelehena: Nil Moliner
  • Abuztuak 6, asteartea: Luz Casal
  • Abuztuak 7, asteazkena: Doctor Deseo
  • Abuztuak 8, osteguna: Zetak

"Foru Plazako kontzertuak dira Gasteizko jaietako nortasun ezaugarrietako bat. Gauero, Andre Maria Zuriaren jaietan, gune hori bete egiten da musikari esker", azpimarratu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak, kontzertuak aurkezteko prentsaurrekoan. "Gure helburua beti da antolatutako emanaldi guztien artean herritarrek gustuko zerbait topatzea, eta, aukeraketa honekin, lortu dugula uste dut".

TALDEAK

Los 40 La Blanca

Berritasun gisa, Los 40 irratiko bi DJk, David Alvarezek eta Ramses Lopezek, izango dute Gasteizko jaiak luzatzeko eta jaietako giroa txupinazoaren bezperatik berotzeko ardura.

 

Esne Beltza

Esne Beltza taldeak agur esango du, eta bere azken biraren barruan kontzertua eskainiko du Gasteizen. Hamazazpi urtez, jendea dantzan eta abesten jarri duten abestiak izango dira entzungai, bai eta Esne Bidea azken diskoko kantak ere. Lan horrek, kolaborazio ugari izateaz gain, ska, reggae, rap, tex-mex, rumba, rock, elektronika eta pop estiloak uztartzen ditu. Foru Plazan, hamar musikari eta koreografia ezagunenak dantzatuko dituen dantzari talde bat izango dira oholtza gainean.

 

Nil Moliner

Pop berriena Nil Moliner abeslari katalanaren eskutik iritsiko da Foru plazara. Gaur egun, Espainiako Estatuko pop solista boteretsuenetako bat da, baina oso goiz hasi zen musikaren munduan, 2008an, 15 urte baino ez zituela. Hasieran, tabernatan beste artista batzuen bertsioak jotzen eta bideoak Internetera igotzen hasi zen. Operación Triunfo telebista saioari esker ezagun bihurtu ondoren, Sale el sol bere lehen singlearen bertsio birmoldatua kaleratu zuen 2018ko udan. 2023an, hirugarren diskoa, Lugar Paraíso, argitaratu zuen, eta, aurten, apirilaren 20an, bira berriari ekingo dio.

 

Luz Casal

Europako herri musikan ezinbesteko erreferentzia da Luz Casal, eta Las ventanas de mi alma albuma aurkezteko birarekin iritsiko da Gasteizera. Bost urte abesti berririk argitaratu gabe eman ostean, artista galiziarrak bere disko pertsonal eta autografikoena aurkeztu berri du, rocka eta soinu klasikoenak bateratzen dituzten hamabi abestirekin. Hamabost album kaleratu eta bost milioi disko baino gehiago saldu ondoren, abesti berriak izango dira Foru plazan entzungai, oso ezagunak diren beste arrakasta batzuekin batera: besteak beste, Piensa en mí, No me importa nada edo Un nuevo día brillará

 

Doctor Deseo

1980an Bilbon sortu zen Doctor Deseo taldea, Arabako zenbait taldekiderekin, eta Euskal Herriko musika eszenaren beteranoenetako bat bilakatu da. Letra eta soinu garratzekin, Francis Diezen oholtza gaineko presentzia boteretsuarekin, eta hasierako estilo propioari eutsita, dagoeneko ereserki bihurtu diren abestiak eskainiko ditu Gasteizko Foru Plazan: Corazón de tango, Abrázame, Fugitivos del paraíso... Horrez gain, udaberrian argitaratuko duen En el brillo de tus ojitos hemezortzigarren lan diskografikoko abesti batzuk entzun ahal izango dira ere.

 

Zetak

Duela lau urte sortu zen Zetak talde nafarra, Pello Reparazen eskutik, eta euskarazko musika elektronikoan erreferentzia bihurtu da. Foru Plazako egitarauaren azken gauean, abesti indartsuak izango dira entzungai, hala nola: Itzulera, Zein ederra izango den edo Hitzeman. Horiekin batera, argitaratu berri duen Aaztiyen laugarren diskoak ere protagonismoa izango du. Azken lan horretan, tradizioa eszeptizismoarekin eta emozioekin bateratu ditu taldeak, asmo probokatzaile argiarekin.

KARTELA

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide