Vibora taldeak nazioartean zabalduko du bere hozkada

Mikel Buruaga 2024ko mar. 4a, 19:00

Vibora taldeak 2023ko irailean aurkeztu zuen 'Zaldi Beltza' diskoa. Argazkia: @ViboraBand

Datozen hilabeteetan Euskal Herriko, Europako eta AEBetako hogei agertoki baino gehiagotan izango da Vibora hardcore talde gasteiztarra, 'Zaldi Beltza' diskoa aurkezteko bira berriaren barruan.

Iazko udan Europako oholtzak astindu ostean, Vibora taldeak Zaldi Beltza bere lehenengo LPa kaleratu zuen irailean, azken urteetan garatutako emotional hardcore, screamo, metalcore eta crust soinuak borobilduz, eta bere burua Gasteizko zein Euskal Herriko hardcore eszenaren zalantzarik gabeko erreferentzia gisa baieztatuz.

Azken hilabeteetan, laukote gasteiztarrak estatuko zenbait herri eta hiritan izan du lan berria aurkezteko aukera. Orain, laster iritsiko den udaberriaren atarian, nazioarteko eszenaren konkistara abiatu dira berriz ere. Joan den asteburuan ekin diote aurkezpen bira berriari, martxoaren 2an eta 3an, Barañainen eta Bermeon.

Uda arte, Euskal Herriko gaztetxe eta aretoetan ez ezik —Algorta, Gernika, Larrabetzu...—, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan izango dira ere; Madrilgo Oscuro Culto eta Crossed taldeekin batera, hurrenez hurren.

Euren Europako hirugarren biran, besteak beste, Paris, Amsterdam, Kolonia, Mainz, Zurich, Trento, Bolonia, Milan eta Toulouse hirietatik igaroko dira, Frantzian, Holandan, Alemanian, Suitzan eta Italian, martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran.

Putzuaren bestaldean, lehen aldiz AEBetan, Pittsburgh, Brooklyn (New York), Philadelphia, Baltimore, Cincinnati, Indianapolis eta Chicagon izango dira apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran. Azken hiri horretan agurtuko dute nazioarteko bira, ZBR Fest screamo jaialdian.

 

"Sarrerak agortuta"

AEBetatik etxera bueltan, atsedenerako tarte bat hartuko dute, Villabonan eta Gasteizen bira borobildu aurretik. Oraingoz, baieztatutako azken emanaldiak dira horiek. Jimmy Jazz aretoko hitzordua ekainaren 8an izango da: Viborak Anestesia taldearekin elkarbanatuko du oholtza; 35 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean, Zarauzko traschore talde mitikoaren agur kontzertua izango da, eta sarrerak aspaldi agortu ziren.

DATAK

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago