Kalean da 'Zaldi Beltza', Vibora taldearen disko berria

Mikel Buruaga 2023ko ira. 29a, 10:40

Diskoa 2022ko urrian grabatu zuten, Cal Pau estudioetan. Argazkia: @viboraband

Udan Europako oholtzak astindu ostean, Gasteizko hardcore taldeak 'Zaldi Beltza' bere lehenengo LPa kaleratu du.

2018an sortutako Vibora Gasteizko emotional hardcore taldearen lehenengo lan luzea da Zaldi Beltza. Ostiral honetan, irailaren 29an, argia ikusi du formatu fisikoan eta plataforma digitaletan, AEBetako Zegema Beach eta Alemaniako Through Love Records zigiluen eskutik.

Hasiera batean, SINCVRV (2019) debut albumarekin eta Flor de Maíz (2021) singlearekin bidea urratu zuen talde gasteiztarrak. 2021ean argitaratutako Botánica EParen, Crossed talde madrildarrarekin 2022an partekatutako Pena split diskoaren eta 2023an kaleratutako DANA singlearen ondoren datorren lan hau "inoiz egin dugun lanik bereziena" dela azaldu dute Goio, Jorge, Xabi eta Mangui taldekideek.

Gasteizko eta Euskal Herriko hardcore eszenaren zalantzarik gabeko erreferentzia bilakatu den laukoteak nabarmendu duenez, "norberak antsietatearekin eta depresioarekin duen borroka" da lan berriaren oinarria. "Abesti bakoitzak urtebeteko aldian bizitako une jakin bat kontatzen du, prozesu depresiboek eramaten gaituzten pentsamendu edo lekuetatik abiatuta", azaldu dute. Hain zuzen ere, "osasun mentalak norberarengan duen indarraren eta pisuaren sinboloa" da zaldi beltza.

Diskoa Borja Perez ekoizleak grabatu eta nahastu zuen 2022ko urrian, Cal Pau estudioetan, eta Victor Garciak masterizatu zuen Ultramarimos Costabrava estudioetan. Ohikoa denez, hardcore bizia eta hunkigarria da taldearen soinu nagusia, screamo, metalcore edo crust generoen eragin nabariarekin.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by VIBORA (@viboraband)

 

Aurkezpen bira

Azken urteetan Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko dozenaka areto astindu ondoren, aurtengo udan zehar Europako bira egin du Vibora taldeak, besteak beste Alemania, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Suitza, Italia eta Frantziako agertokietan. Bira amaituta eta etxera bueltan, gasteiztarrek kontzertu gogoangarria eskaini zuten Gasteizko jaietan, abuztuaren 6an, txosnaguneko Entxosnatu Karpan.

Talde gasteiztarra Zaldi Beltza izeneko biran murgilduta dago jada, lan berria aurkezteko lehenengo kontzertuekin; horietako lau Oscuro Culto taldearekin batera izango dira.

DATAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago