Gasteizko hainbat dendatan kontzertu akustikoak grabatzen ibili da SAMA Ikus-entzunezko Medioen Arabako Elkartea, eta taldeak Youtube plataforman duen kanalean jarri ditu horiek ikusgai. Funtsean, formatu txikiko zuzenezkoak dira. Horretarako, noski, musikariak espazio bakoitzera moldatu behar izan dira.
"Proiektuaren helburu nagusia hiriko kultura eta tokiko dendak bultzatzea da, erreminta digitalen bitartez, musika eta dendak nahastuz", azaldu dute proiektuaren arduradunek. Diotenez, "hasiera batean ezberdinak" diruditen hiriaren "nortasunaren bi ezaugarri" hurbildu nahi izan dituzte: artea eta denda tradizionalak.
Hurrengo hitzordua zehaztu dute honezkero: EZEZEZ taldea Jose Luis Iturrieta gimnasioan ariko da, martxoaren 1ean. Orain arte halako lau kontzertu eman dituzte. Trigger musikaria eta bere txeloa izan dira lehen emanaldiaren protagonistak. Eñaut Zubizarretak Plan Ta Lan loradendan eman du egitasmoaren aurreneko kontzertua. Behin kobazulo batean zegoela, technoa entzutean konturatu omen zen musikaria txeloarekin abesti bat konposatu behar zuela.
Bigarren emanaldia Mice-ren esku egon da, eta Dimar lentzeria dendan eman dute. Luntx eta guzti izan dute bertara hurbildutako bezero eta zaletuek.
Coello aizto dendan, berriz, HOFE X 4:40-ren "pop urbanoa" nagusitu da, proiektuaren arduradunek helarazitako informazioaren arabera. Momentuz grabatutako azkena Sara Zozayak emandakoa izan da. Eskolan "lau begi" deitzen ziotela gogoan hartuz, musikariak txikitako betaurrekoak eraman ditu emanaldira, eta, erakusleihoan paratu ditu "amuleto eta testigu bezala".
BIDEOAK