Gaixo mental larriak artatzen ditu Hogar Alaves elkarteak Adurtzako erresidentzian, 1998az geroztik. Guztira, 30 pertsona bizi dira bertan, 18 eta 52 urte artekoak; eta horietatik sei lagun ondoko bi etxebizitza autonomotan bizi dira. Adurtzatik San Ignacio kaleko erresidentziara bideratzen dituzte, berriz, prozesu guztia egin ondoren, autonomia nahikoa lortzen ez duten 45 eta 65 urte arteko lagunak. Egun, 26 lagun daude San Ignacion. Halaber, lan munduan sartzeko beharrezko dituzten gaitasunak lantzeko, duela hamabost urte, Oinarri tailer okupazionala sortu zuen elkarteak, eta gaur Oreitiasolon berrogei lagun aritzen dira, artisau-serigrafian lan egiten.
Gaur egun, Hogar Alaves elkartearen helburuak buruko gaixotasun larriak dituztenak ahalduntzea, osatzea eta autonomia lantzea dira; baina une bakoitzean, gasteiztarren beharretara egokitu izan da erakundea. Hala, 50eko hamarkadan, Carlos Abaitua apaizak elkartea sortu zuen bizitoki duina ez zutenei edo beren etxetik kanpo bizitzera behartuta zeudenei ostatu emateko, eta horretarako eraiki zuen Adurtza auzoan erresidentzia bat. Garai horretan, zehazki, Gasteizera lanera joaten ziren langileei ostatu ematera eta hirian integratzera dedikatu zen. Modu honetan, Adurtzan egin zen lehen eraikuntza langile ezkongabeentzako egoitza izan zen. Gizonezkoen bizilekuaren ondoren, emakumezkoena eraiki zuten, handik oso gertu. 1959ko martxoaren 8an inauguratu zuten eraikin hori, eta 45 logela bikoitz zituen. Gizonezkoenak bezala, jantokia, sukaldea, kapera eta beste instalazio batzuk zituen. Eta liburutegi bat eta kultur jarduerak garatzeko hiru gela.
"Egoitza berezia behar da adineko gaixo mentalentzako"
Hasiera hartatik, 50eko hamarkadatik, elkartearen dedikazioa aldatuz joan da, eta une bakoitzean bizitokiaren premia zuten kolektiboen arabera egokitu ditu bere jarduera eta azpiegiturak. Carlos Abaituaren iloba eta Hogar Alaves elkarteko arduradun Maite Abaituak azpimarratu duenez, 25 urte bete dira Adurtzako erresidentzia gaixo mentalekin lanean hasi zela. "Egoitza 1998an berritu zuten. Gasteizen, gaixo mentalak pixkanaka ateratzen ari ziren psikiatrikotik eta ez zuten nora joan. Las Nieves ospitale modura egokitzen ari ziren; lehengo babes-etxea beste behar batzuetara bideratu zuten; eta bertan bizi zirenak atera behar izan zituzten", azaldu du. Abaituaren osabak, 75 urte inguru zituenean, Adurtzako langile egoitza zaharrean, itxura berriko eraikin batean, gaixo mentalentzako egoitza eraiki zuen, eta, haren inguruan hamarnaka langile boluntario bildu zituen. "Hasieran dena zen boluntarioa –gogoratu du Abaituak–, psikiatrikotik ateratzen zirenak ez zuten dirurik eta".
Aldaketarik nabarmenena, ordea, Mendekotasun Legearen (2006an) onarpenarekin etorri zen, Arabako Diputazioak gaixo mentalak artatzeko zegoen beharrari aurre egiteko Hogar Alaves erresidentzia hitzarmen bidez hartu zuenean. "Gaur egun, Diputaziotik bidaltzen dituzte gaixoak; plaza publikoak dira, eta hitzarmenen bidez kudeatzen dira".
Zerbitzua antolatzeko moduaz bestalde, azken 25 urteetan aldaketa ugari izan dira buruko gaixoen arretan. Abaituak aipatu duenez, gaur iristen diren lagunen profilean aldaketa handia atzeman dute. "Nortasun arazoak dituzten gaixoak ditugu, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra…, baina asko dira, baita ere, nortasun nahasmenduak dituzten lagunak eta toxikoen kontsumoarekin lotutako arazoak ere". Abaituak azaldu duenez, nortasunaren nahasmenduak agertzen dira aurretik gaixotasun bat dutelako, eta maiz, "arazoa da etxeetan mugarik jartzen ez zaiela", eta mugak jartzen hasten direnean egoerak eztanda egiten du. "Ez dituzte mugak onartzen, antsietatea sortzen zaie, eta gaizki jartzen dira". Abaituak esan duenez, orain dela urte batzuk gaixoak "instituzionalizatuta" zeuden, eta ez ziren horrelako arazoak horrenbeste ikusten. "Psikiatrikoan baldin bazeuden, bere erritmoak eta errutinak zituzten, horiek jarraitzen zituzten, eta errazago egiten zitzaien arauak betetzea. Lagun horiek hona etorri zirenean ikusi zuten hau askoz eredu zabalagoa zela, eta oso ondo hartu zuten, askoz hobeto egoten ziren".
Aldiz, gaur egun, gaixo gehienak "etxetik datoz, baita kaletik ere batzuk", eta askoz zailagoa ei da beraiekin lan egitea. "Halere, gaizki jartzen hasten direnean asko eskertzen dute segurtasuna, babesa, norbatiekin hitz egin ahal izatea, norbait beraien alboan egotea… Eta hor dago gakoa: bere gainean zaudela ziurtatzea, arreta profesionala bermatzea. Horregatik, ekipoa oso inportantea da, denok mezu berdina ematea oso inportantea da, guztia adostea; eta gero jarraipen psikiatrikoa eta medikazioa ondo hartu dezatela".
Emakume gutxiago egoitzan
Genero arrakala egon badagoela sumatzen dute gaixoekin lan egiten duten profesionalek; eta hartara Hogar Alaves erresidentzian gizonezko gehiago dago emakumezkoak baino. "Emakumeak, nahiz eta gaixo mentala izan, etxean lagundu dezake, eta ez badira buruko gaixo desegituratuak edo oso biolentoak, askoz beranduago ateratzen dira etxetik; lasaiagoak dira. Gure erresidentzietan gizon gazte gehiago dago emakumezkoak baino; aldiz, San Ignacio erresidentzian emakumezko gehiago dago, gurasoak zahartzen direnean erresidentzia bat behar dutelako alaba zaintzeko". Orain arte, "zarata" sartzen ez bazuten, etxean gelditzen ziren emakumeak, azaldu du Abaituak; baina alde horretatik ere gauzak aldatzen ari direla dio, eta emakume gazteak maizago jasotzen ari dira erresidentzietan.
Hogeita bost urteotan osasun mentalaren arretan begi bistako hobekuntzak egon direla azpimarratu du Abaituak, baina oraindik hutsuneak daudela esan du. Gaixoek lan egiteko aukerak zabaltzea aipatu ditu horien artean, eta adineko gaixoentzat zentro bereziak egotea, haien beharretara egokituak. "Zerbitzuak ugaritu egin dira, buruko gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Asafes elkartea sortu da, gaitza kontrolatzeko botikak asko hobetu dira; baina lana sortzeko aukerak falta dira, adibidez. Hor hutsune handia dago, lan babestuak daude, baina ez daude egokituak gaixo mentalentzat. Gainera, zentro bereziak behar dira, eta oraindik falta da egoitza berezi bat adineko gaixo mentalentzako. Arabarren sortu dute, eta hor dago 25 lagunentzako modulua, baina beharrezkoa da pertsonak babestuago sentitzea, gaixoari egokitutako arreta ematea berariazko egoitza batean".
Estigmak dirau
Osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteen kopuruak gora egin du EAEn 2017tik hona. Abaituaren irudikoz, pandemia eta gero, gaixotasun mentalen arazoa asko zabaldu da, eta horri esker gizarteak jarrera irekiagoa hartu du zenbait gaitzen inguruan: "Depresioa edo antsietatea dutenak, adibidez, ez dira ikusten arazo bat bezala, gehiago laguntzen eta ulertzen zaie. Argi izan behar dugu edozein izan daitekeela gaixo mentala, buruak edozein momentutan krak egin dezakeela".
Alta, Abaituaren arabera, oraindik gizartea ez dago ohituta gaixo mentala lan egin dezakeen eta autonomoa izan daitekeen pertsona bat dela ikustera. Estigma hori hor dago. "Gure helburua da ahalik eta autonomoen izatea eta bere kabuz bizi ahal izatea. Hemezortzi urterekin hemen sartzen direnean nahi duguna da ahalik eta lasterren autonomo izatea, eta posible izanez gero lana bilatzea eta bere kabuz bizi ahal izatea, etxebizitza batean, bakarrik edo beste batzuekin, edo beraien familiarekin. Lortzen dugu, gutxika-gutxika baina lortzen dugu", ziurtatu du.
Hori lortzeko baliabiderik garrantzitsuena Oinarri da. "Guk oso argi dugu pertsona horiek okupatuta egon behar direla, eta okupatuta egoteko martxan jarri genuen lantegia". Hasieran, Hogar Alaves erresidentziaren parean kokatu zuten lantegia, baina Oreitiasolora eramatea erabaki zuten duela urte batzuk. "Urrats garrantzitsua izan zen hori, eta orain gaixoek gehien baloratzen dutena da beste langileen artean egotea, bere denbora partekatzea beste langileekin, bertan harreman berriak sortzea". Alta, Arabako Diputazioak Oinarrirekin zuen hitzarmena bertan behera utzi zuen, eta Abaituak azaldu duenez, beste soluzio ekonomiko batzuk bilatzen ari dira ekimenarekin aurrera jarraitzeko. "Erresidentziatik ez ezik, etxetik etortzen direnak ere badaude lantegian, denbora asko egoten direnak etxetik atera gabe, eta familiek asko eskertzen dute aukera. Oso emaitza onak lortzen ari dira", azaldu du Hogar Alaveseko arduradunak .