Tuvisako grebak Gasteizko garraio publikoaren normaltasuna astintzen jarraitzen duen bitartean, beste lan gatazka bat atera zaio Gasteizko Udalari. Oraingoan, gizarte etxeetako zerbitzuko langileek iragarri dute otsailaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dutela. Bart gauean egindako asanblada batean hartu dute erabakia Disport Eki azpikontratatutako enpresako beharginek.
Nagusiki, begiraleak, sorosleak eta kantxa, futbol zelai zein pilotalekuen zaindariak dira, eta gaur egun 150 lagun inguruk osatzen dute plantilla. Salatu dutenez, ez dute nomina garaiz kobratzen duela bi urtetik. Hitzarmenaren arabera, ordainketa gehienez hilaren 7ra arte atzeratu daiteke, eta oraindik, otsailaren 16an, ez dute urtarrileko soldata kobratu.
Beren "haserrea eta ezinegona" mahai gainean jarri nahi izan dute greba deialdiarekin, eta enpresaren aldetik egoera aldatzeko bermerik ez badute, aurrera egingo dute. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, zuzendaritzak otsailaren 26an ordainduko duela jakinarazi die langileei; hala ez bada, hurrengo egunean hasiko da greba mugagabea.
Horrekin batera, beren egoera salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte, besteak beste, udalari Disport Eki enpresaren kontratua bertan behera uztea eskatzeko, "hitzarmena behin eta berriz urratzeagatik".