Gero eta arropa gehiago erosten dugu, eta gutxiago irauten du armairuetan. Fast fashion izenez bataiatu den fenomenoak, azken modako jantziekin merkatua etengabe elikatu nahi izateak, ehungintzari lotutako milaka langileren lan baldintzak esklabotasunaren parekoak izatea eragin du, baita baliabide naturalen ustiapen basatia ere. Petrolioaren ostean, ehungintza da munduko bigarren industria kutsakorrena. NBEk 2019an argitaratu zuen bezala, moda azkarrak 93.000 milioi metro kubiko ur erabiltzen ditu urtero jantziak sortzeko. Hori gutxi balitz, batez beste milioi erdi tona mikrofibra botatzen dira itsasora, urtero, hiru milioi petrolio upelen berdina. Baliabide naturalen kontsumoa eta kutsadura sortzen dira produktuak erosi eta erabili ondoren ere, milioika arropa tona zabortegietan amaitzen direnean. Izan ere, segundo bakoitzean, arropaz betetako zabor-kamioi bat erretzen edo lurperatzen da zabortegi batean.
Baliabide naturalen industria xahutzaile horren aurrean, azken hamarkadan sortu diren alternatiba askoren artean, bigarren eskuko arroparen merkatua da nagusietako bat. Alde batetik, denda fisikoetan bigarren eskuko arropa erosteko aukera gero eta gehiago dago; nahiz eta oraindik alternatiba horrek nolabaiteko estigma soziala duen, kaleko merkatu txikien azpisektorearekin eta karitatearekin lotzen delako. Beste aldetik, bigarren eskuko arroparen merkatura bideratutako plataforma digitalak agertzeak jende guztiaren eskura jarri du erabilitako arroparen erosketa eta salmenta. Espainiako estatuan, Interneten, bigarren eskuko arropa eskaini zuen lehen plataforma eBay izan zen, 1995. urtean sortua; eta eBay-k egindako proiektuaren oso antzeko marketplace ereduarekin martxan jarri ziren, 2008an, Segundamano, Milanuncios eta Vinted; eta beranduago Vestiaire Collective (2009), Wallapop (2013), Micolet (2015), eta It.Closet (2020).
Bigarren eskuko merkatuaren inguruko datu ugari dagoen arren, oso gutxi daude erabilitako arropa erostera bultzatzen dituzten aldagaiei buruz, eta kontsumo horren jarraitzaileen (eta ez jarraitzaileen) profilei buruz; eta are gutxiago Gasteizen. Hori egiaztatu du EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko ikasle Miriam Pagonabarraga Gallegok, bigarren eskuko arropa erosteko orduan Gasteizko herritarren portaera aztertu duenean. Ondorio nagusi bat atera du: "Badirudi gizarte eta ingurumen inpaktuarekin lotutako faktoreak ez direla oraindik erabakigarriak bigarren eskuko arropa erosteko orduan". Aitzitik, prezioa da gasteiztarrak –batez ere emakumeak– bigarren eskuko arropa erostera bultzatzen duen faktore nagusia. Hacia un consumo de moda más sostenible. Análisis del comportamiento de compra de ropa de segunda mano de los/as vitorianos/as gradu amaierako txostenean laburbildu du Pagonabarragak 2022-2023 ikasturtean egindako ikerketa lana.
Merkatuaren hazkundea
"Azterketa abiatu nuenean arreta deitu zidan lehen gauza izan zen ehungintza izatea munduko bigarren industriarik kutsakorrena eta jendea arazo horretaz ez ohartzea. Petrolioak eragiten duen kutsaduraz ohartzen gara, baina ez, aldiz, arroparen kontsumoak sortzen duenaz", azaldu du EHUko ikasleak. Hausnarketa horretan oinarrituta aztertu ditu Pagonabarragak moda jasangarriaren eskaintza, eta, bereziki, bigarren eskuko arroparen merkatua Gasteizen: "Nik neuk bigarren eskuko arropa kontsumitzen dut, existitzen den zerbaiti bigarren bizitza ematea baino gauza iraunkorragorik ez dagoelako", argudiatu du, eta merkatu horrek etorkizunera begira duen garatzeko ahalmena azpimarratu du: "2026rako bigarren eskuko arroparen merkatua %127 haztea espero da, arroparen merkatu globala baino hiru aldiz azkarrago".
"Erabilitako arropa merkeagoa izatea da funtsezko motibazioa"
Alta, fast fashion-etik slow fashion-era igarotzeko asko falta zaie oraindik Gasteizko hiritarrei. Eskaintzaren aldetik, Pagonabarragak antzeman duenez, "bigarren eskuko oso denda fisiko gutxi daude" hiriburuan. Gasteizko Udalak ehungintzako hondakinak biltzen ditu, 77 edukiontziren bidez. Koopera da zerbitzuaz arduratzen den enpresa, eta lau Koopera Store ditu guztira hirian. "200.000 arropa inguru berrerabiltzen ditugu urtero, eta 80.000 pertsona ingururi arreta ematen diegu. Era berean, arroparen 350 donazio baino gehiago egiten ditugu urtero Caritasetik eta udaleko gizarte zerbitzuetatik etortzen diren pertsonen premiak asetzeko", argitu dute Kooperako arduradunek.
Kooperaz gainera, bigarren eskuko objektuak eta erabilitako arropa saltzen duten beste saltoki txiki batzuk ere badira hirian, baita aste barruan zein asteburuetan egiten diren azokak eta zenbait merkatarik antolatzen dituzten azoka bereziak ere. Badaia kaleko Root Gasteiz tabernak, esate baterako, hilabetero, Arropa Azoka Komunitarioa antolatzen du. Erabiltzen ez duten arropa eraman dezakete bezeroek, beste norbaitek beste erabilera bat eman ahal izateko; eta trukean, azokan aurkitzen dutenetik gehien gustatzen zaiena eraman dezakete, inolako kosturik gabe. Root Gasteiz tabernako azokaren antolatzaileek adierazi dutenez, "arropa berrerabiltzea eta gure kontsumoa murriztea ekintza ekologikoak eta sozialak dira, baliabideen ustiapena eta gizakien esplotazioa murrizten saiatzen baitira. Konponbidea ez den arren, gure balioekin bat bizitzea eta haien alde borrokatzera hurbiltzen gaituen urratsa da". Arropa berrerabiltzearen filosofiarekin bat egiten du ere, otsailaren 16an eta 17an, Jardines de Uleta hotelean egiten ari den Vinokilo vintage arropa kiloka saltzeko Europa mailako azokak.
Plataforma digitalei dagokionez, Pagonabarragak egindako ikerketaren arabera, gasteiztarrek bigarren eskuko arropa erosteko gehien erabiltzen dituzten plataformak Vinted eta Wallapop dira. "Sei hilean behin erosten dute zerbait Vinted-en, eta urtean behin edo gutxiagotan Wallapop-en. Hortaz, gaur egun, online dendak dira bigarren eskuko arropa erosten dutenek gutxien erabiltzen dituztenak, %44k ez baitu inoiz online dendetan erosi".
Emakumeen nagusitasuna
Mota horretako arroparen kontsumitzaileen profila ezagutzeko, online inkesta egin du EHUko ikasleak, 2022ko abenduaren 28tik 2023ko urtarrilaren 27ra bitartean. Laginaren tamaina 101 pertsonakoa izan da; galdera sortak Kooperak Gasteizen dituen denden koordinatzaile baten oniritzia jaso du; eta, besteak beste, bigarren eskuko denda horietako bezeroen artean zabaldu dute inkesta datuak jasotzeko.
Erabilitako arropa erostea ohitura den edo ez aztertzea izan da lehen helburua. Inkestatuen erdiak adierazi du ez duela inoiz kontsumitu bigarren eskuko arropa; eta beste erdiak noizbait kontsumitu duela, baina %60,4rentzat erosketa mota hori erosketa guztien %5a baino gutxiago da. "Azken batean, datuek islatzen dute inkestatutako lau pertsonatik batek soilik duela bigarren eskuko arropa erosteko ohitura".
"Jende gehiena pagotxaren bila eta markaren bila sartzen da"
Hala eta guztiz ere, talde batek –zehazki, laginaren %16,6k– adierazi du erosten duen arropa guztiaren %61 baino gehiago bigarren eskukoa dela. Talde horretan gehienak emakumeak dira,18 eta 25 urte bitartekoak edo 55 urtetik gorakoak, eta hiru hilabetean behin erosten dute. Merkatu horrekiko mesfidantza dutenen artean, berriz, 36 eta 55 urte arteko gizonezkoak nagusi dira. "Aitzitik, harrigarria da gizonen lautik batek erabiltzen ez duen arropa saltzen duela", azaldu du EHUko ikasleak.
Erosleen profilarekin batera, gasteiztarrak bigarren eskuko arropa erostera bultzatzen dituzten alderdi nagusiak jaso ditu Pagonabarragak. Azterketa horren arabera, bigarren eskuko jantziak inoiz erosi ez dituztenentzat arropa erosteko alderdirik garrantzitsuenak kalitatea, prezioa eta diseinua dira, hurrenkera horretan. Hala ere, erabilitako arropa erosten dutenentzat, aldagairik garrantzitsuena prezioa da, eta, ondoren, kalitatea eta diseinua.
"Emaitzek erakusten dute, berriaren aldean, erabilitako arropa merkeagoa izatea funtsezko motibazioa dela erosleen artean. Biztanleriak iraunkortasunarekiko duen konpromisoarekin lotu daitezkeen alderdiak ez dira oso garrantzitsuak izan bigarren eskuko arropa erosten dutenentzat eta erosten ez dutenentzat, nahiz eta garrantzitsuagoak izan lehenengoentzat", ondorioztatu du.
Azterketaren beste atal batean, bigarren eskuko arropa erosteko traba izan daitezkeen faktoreak bildu ditu. Bigarren eskuko arropa erosi duten hainbat lagunek honakoak nabarmendu dituzte: eskaintza eskasa, neurri gutxi, horrelako dendak ez ezagutzea, prezioak gero eta altuagoak izatea, estigmatizatuta dagoen merkatua dela, denbora falta eta, gehien errepikatzen dena, Gasteizen bigarren eskuko denda gutxi egotea eta bigarren eskuko arropa erosteko aukera gutxi daudela.
"Munduko boutique onena"
Eskaintza eskasa izanik, ez da harritzekoa Gasteizko hiri erdian, Posta kalean, Kooperak duen denda egunero jendez lepo izatea. Blanca Soto bertako saltzaile eta arduradunak ziurtatu duenez, denda zabaltzen dutenetik beteta dago. "Jende-oldea dago egunero, eta egunero ere pertsona berdinak sartzen dira hainbat aldiz; betiko tabernara egunero kafea hartzera edo auzoko dendara egunero sartzen direnak bezala, hemen ere egunero sartzen dira bezeroak. Sarritan gurekin hitz egitera bakarrik etortzen dira, baina badira mendekoak direnak, egunero sartu eta zerbait erosten dutenak, eta ezer eramaten ez dutenean frustratu egiten dira".
Denetariko jendea sartzen dela azaldu du Sotok, eta azken boladan jende gazte asko. "Gazteak agian beste mentalitate batekin datoz, baina gehienak pagotxa bila eta marka bila sartzen dira; ez dago kontzientziarik, merkea delako etortzen da jendea, egunero etorri behar bada ere". Gainera, asko eta asko marka ospetsuen bila joaten direla nabarmendu du dendariak: "Badago jendea marka erosten duena, nahiz eta bere neurrikoa ez izan. Markagatik zapata batzuk erosi dituzten bezeroak izan ditugu, nahiz eta beren neurrikoak ez izan".
Nabarmen aldatu dira Caritas elkartearekin lotuta dauden Koopera Store dendak azken hamarkadan. Diseinu aldetik modernizatu egin dituzte, arropa biltegiaren itxura atzean utzita, eta gainera, publiko guztiari zabaldu diote bertan erosteko aukera. Hala ere, Sotok azpimarratu duenez, bigarren eskuko arropak oraindik estigma handia du gasteiztarren artean. "Munduko boutique onenean bezala funtzionatzen dugu, edozein dendaren pareko; baina bezeroen partetik ez dago errespeturik, kontzientzia gutxi dago; arropa erortzen bada ez dute jasotzen, edo edozein tokitan jartzen dute". Maria Jesus Ganzabal dendariak berretsi ditu hitz horiek: "Pena ematen dit jendeak ez duela denda baloratzen, bigarren eskuko arropa denez... Mespretxuz tratatzen gaituzte, gaizki begiratzen gaituzte edo komentario itsusiak egiten dituzte", esan du.