Martxoaren 13tik 16ra bitartean, ipuinak protagonista izango dira Gasteizen ospatuko den Aldekoa jaialdi literarioan. Iban Zaldua idazleak zuzenduta, idazleen arteko elkarrizketa, irakurketa saio, tailer, liburu aurkezpen eta mahai-inguruen bitartez, kontakizun laburrak lehen lerrora eramango dituzte.
Ignacio Aldekoa ipuingile handia gogoan, ipuinaren generoa goraipatzea izango da xede, antolatzaileek azaldu dutenez: "Hori da bere ezaugarri bereizgarria, ipuina genero gisa erdigunean jartzea". Normalean eleberrian interes handiagoa duen irakurleari erakutsi nahi diote, Aldekoaren irudia amu gisa erabiliz, "ipuinaren mundua oso aberatsa eta erakargarria" dela, narrazio laburretan ere "plazer literarioa" dagoela.
Jaialdia elebiduna izango da, baina euskaratik sortu dute, eta euskal literaturari leku berezia eman nahi diote honetan, bai euskaraz egiten denari, baita gaztelaniaz egiten denari ere, azaldu dutenez, ipuingintzaren unibertsaltasunari uko egin gabe.
Irakurzaleak erakartzeko, aurten, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Aixa de la Cruz, Isaac Rosa, Harkaitz Cano, Mariasun Landa, Eloy Tizon, Ana Malagon eta Aintzane Usandizaga idazleek parte hartuko dute. Gainera, ipuingintza saria eta euskarazko ipuingintza sortzeko beka ezagutaraziko dituzte honetan.
Gasteizko kultur etxeko areto nagusian izango dira ekitaldi gehienak, baina Letren Fakultatean ere izango da saiorik. Jardueretan parte hartzea doakoa izango da, baina aurretik izena eman behar da, webgune honen bidez: aldecoafestibala.araba.eus
PROGRAMA
Martxoak 13, asteazkena
11:00, Unibertsitate pabilioia. Nagore Fernandez, Marijo Olaziregi, Irati Majuelo.
Solasaldia: Euskal ipuingintza: genero nagusia, ala bazterreko praktika literarioa? Euskaraz.
Kritikarien arteko topaketa horrek euskal ipuinaren duela gutxiko historiara hurbiltzeaz gain generoaren egungo egoerari buruzko gakoak emango dizkigu.
Martxoaren 14a, osteguna
19:00, Kultura Etxea. Aixa de la Cruz, Isaac Rosa.
Hitzaldia: Novela vs. Cuento: ¿cuál es, verdaderamente, el género mayor? Gazteleraz.
Bi literatura genero horietan aritzen diren bi autore horiek egungo egoeran bien artean dauden aldeei buruz jardungo dute.
21:00, Kultura Etxea. Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Joseba Sarrionandia, Benizze. Ipuin irakurketa. Euskaraz
Euskal ipuin garaikidearen hiru egile belaunaldi bilduko dira beren lanen zati batzuk partekatzeko, Benizzeren musikarekin lagunduta.
Martxoak 15, ostirala
19:00, Kultura Etxea. Ana Malagon, Tina Valles, Pedro Ugarte. Solasaldia: Por qué somos cuentistas. Gaztelaniaz
Hizkuntza desberdina baina hizkuntza literario komuna (ipuinarena) duten hiru idazlek genero honekiko duten grinaren arrazoiak azalduko dizkigute.
Martxoaren 16a, larunbata
10:00 – 13:00, Kultura Etxea. Mariasun Landa. Tailer literarioa: Ipuinaren inguruko tailer literarioa. Euskaraz.
18:00, Kultura Etxea. Eloy Tizon. Amaierako solasaldia: El susurro del cuento. Gaztelaniaz
Ipuin hispanoamerikarraren idazle ospetsuenetako honek generoaren bilakaerari buruz egin dituen azken gogoetak eskainiko dizkigu.