Txandakako kontzentrazioa egin dute Inmon-Carmelitas Madres de la Caridad de Vedruna egoitzako langileek ostegun honetan, Arabako hitzarmen kolektiboaren eta lan baldintza duinen alde. Gainera, egoitza kudeatzen duen enpresaren eta elizaren "presioak" eta "mehatxuak" salatu ditu LAB sindikatuak: "Patronalak mehatxuekin eta xantaiekin langileen batasuna apurtzen saiatzen ari da", esan du.
Moja zaharren egoitza da Inmon-Carmelitas. "Horrek larriagotu egiten du, berez, zaintza sektoreko langileen aitorpen eskasa, eta are ikusezintasun handiagoa eragiten du, ez baitago familia harremanik langileen borrokari lagundu eta egoitzan ematen diren baldintzak ikusarazi ahal izateko", azaldu du sindikatuak. Gaineratu duenez, inork ez du egiaztatzen zer egoera dagoen horma horien barruan. "Erabateko babesgabetasuna dago, eta langile horiek presioa egiteko aukera asko zailtzen du. Hala ere, langileek ez dute amore ematen, eta borroka sindikalaren alde apustua egiten jarraitzen dute, langile horien eta gainerako sektorearen lan baldintza prekarioak hobetzeko bitarteko gisa", esan du sindikatuak.
LABek Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmen probintzialak erreferente gisa aitortzea eskatu du, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lan baldintzak negoziatzeko orduan, "Madrilen sinatutako estatu mailako hitzarmen bat beharrean, baldintza guztiz kaskarrak dituena eta Euskal Herriko langileen errealitatea kontuan hartzen ez duena".