LAB sindikatuak Gasteizko Inmon-Carmelitas egoitzan dihardutenen lan baldintzak salatu ditu, eta lan hitzarmena berritzea eskatzeko txandakako kontzentrazioa deitu du, otsailaren 3an. Moja zaharren egoitza horretan 30 langile ari dira, garbitzaileen eta sukaldarien artean. "Oso langile gutxi dira, eta babesgabe daude", esan du LABek.
2022. urtean amaitu zen Inmon-Carmelitasko langileen lan hitzarmenaren indarraldia, eta KIParen igoera eta lan baldintza duinak bermatzea negoziatzen saiatzen ari dira ordutik bertako langileak. "EAEko KPIaren igoera langileen soldatan jasotzea gutxieneko bat bezala planteatzen dugu. Horretaz gain, eskatzen dugu lanaldi murrizketa bat ezar dadila eta langileen bizitzak duinduko dituzten baimenak eta lizentziak ahalbidetu daitezela". Alta, Jessica Picatoste LABeko arlo soziokomunitarioko arduradunak ziurtatu du enpresak ez duela "ezer eman nahi". LABeko arduradunaren arabera, sektorean dagoen ikusezintasuna handiagoa da honelako erresidentzietan, moja zaharrak direlako eta familiak ez daudelako inguruan babesa emateko. "Elizaren eta enpresaren arteko jokoa dago, bata besteari ardurak leporatzen dizkiote, eta langileen aurrean inork ez du aurpegia eman nahi negoziatzeko orduan", azpimarratu du.
Beldurtzeko asmoa
Duela bi hilabete hasi ziren mobilizazioak egiten langileak, eta asteazkenetan kontzentrazioak egin dituzte erresidentziaren aurrean. "Azken egunean enpresako zuzendaritzakoek langile batzuekin hitz egin zuten, eta mehatxu egin zieten mahai gainean zegoena sinatzen ez bazuten bertan behera utziko zutela negoziazioa". Picastostek nabarmendu du enpresak beldurra zabaldu nahi duela, langileak desmobilizatzeko. "Kontzentrazioa egin zuten bitartean, erresidentziako arduradun batzuk langileei argazkiak egiten aritu ziren", salatu du.
Egoera horren aurrean, berriro ere kalera ateratzea erabaki dute langileek, eta ostegun honetan, kontzentrazioa egingo dute Gasteizko Ramon y Cajal kalean dagoen erresidentziaren aurrean, 10:30etatik 17:30ak arte, eta mahai informatibo bat jarriko dute egoeraren berri emateko.