FOTOGASTEIZ

Ateak itxi, gehiago zabaltzeko

Juanma Gallego 2024ko urt. 26a, 06:00

Gustavo Bravo, 'jardinremoto.net' bidez klaseak ematen. Argazkia: ADRIANA FARIÑAS

Eskola presentzialak emateari utziko dio FotoGasteizek, online bidezko formazioan sakontzeko. Argazkilaritzan trebatzeko "formazioa, praktika eta erreferenteak" behar direla azpimarratu dute.

Hamahiru urtez argazkilaritza eskola martxan izan eta gero, FotoGasteizek ateak itxiko ditu. Gustavo Bravo eta Sandra Remon proiektuaren arduradunek erabaki dute Gasteizen zuten eskola fisikoa ixteko unea iritsi dela. Gauzak hala izanik ere, ate birtualak irekita mantenduko dituzte, modu horretan eskolekin jarraitzeko asmoa dutelako.

Diotenez, bai irakasle zein ikasleek online formazioari "beldurra galdu" diote orain, eta ikasketa prozesuak optimizatzeko aukera ematen du online irakaskuntzak. Modu horretan, Gasteiz eta inguruko ikasleak ez ezik, mundu osokoak dituzte orain.

Alor honetan irakaskuntza egiteko beharrak bere horretan jarraitzen duela babestu dute. "Beste ezein diziplina bezala, argazkilaritzak formazioa, praktika eta erreferenteak behar ditu", azpimarratu du Bravok. Eta horiek metodo eta gainbegiradarik gabe ezer gutxi balio dute, argazkilariaren hitzetan. "Garai honetan uste dugu bideo bat ikustea nahikoa dela guztia ezagutzeko. Baina ez badago inor jarraipena egiten dizuna, zure aurrerapenak gainbegiratzen dizkizuna eta beharrezko erreferenteen berri ematen dizuna, urteak beharko dituzu oztopoz eta kale itsuez beteriko bidea egiteko". 

"BEREZ 'JAIOTZETIKO TALENTU' DEITZEN DUTEN HORI EZ DA EXISTITZEN". GUSTAVO BRAVO, ARGAZKILARIA

Zentzu horretan, metodo bat jarraitzeko beharra azpimarratu du Bravok. "Gitarra bat erosi eta jarraian gero kontzertuak ematen hasten den lagunik ez dago. Baina jendeak uste dut kamera bat erostea nahikoa dela, ahalik eta garestiena bada, hobe. Baina hori ez da garrantzitsuena". Bravoren hitzetan, kamera "tresna bat" baino ez da, eta ez du bere kabuz ezer egiten. "Argazkilaritzaren mito handienetakoa da hori", ohartarazi du.

Ikasleak, "altxor"

Urte hauetan eskolatik igaro diren mila ikasle inguru beraientzat "altxorrik handiena" izan direla nabarmendu dute. Besteak beste, ikasi dute  "jaiotzetiko talentu deitzen duten hori" ez dela existitzen. Aldiz, "lana, interesa, konpromisoa eta zerbait transzendentea egiteko borondatea" behar dira, honetan ere, aurrera egiteko. Dioenez, gehien ahalegintzen diren ikasleak dira gero erakusketak eta liburuak egiten dituztenak. 

Bide berrian aurrera egiteko, Argazkilaritzaren Metabertsoa izenekoa sortu dute, jardinremoto.net webgunean. Besteak beste, eskolak emateaz gain, astean behin argazkilaritzaren pertsona erreferenteak elkarrizketatzen dituzte, horietatik ere ikasi ahal izateko.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago