Karguekin aske utzi dituzte Jundizko istripuan inplikatutako bi gidariak

Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 10:30

Larunbatean epailearen aurrera eraman zituzten bi gidariak. Argazkia: Basotxerri

Ausarkeriaz gidatzea eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzi diete BMWko gidariari eta ostiralean atxilotutako beste pertsona bati, istripuaren unean ustez lasterketa ilegal batean parte hartzen ari zirelako.

Urtarrilaren 13an, larunbat goizaldean, bi pertsona hil ziren Jundizen trafiko istripu larri batean. Hildakoak 18 eta 21 urteko bi gazte ziren, eta 20 urteko beste pertsona batek larri zaurituta jarraitzen du Txagorritxu ospitalean. Legez kanpoko lasterketaren hipotesia zabalik izan da hasieratik. Segurtasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik azaldu duenez, Udaltzaingoa industrialdean izan zen 23:00etatik 01:30era, ohikoak diren lasterketak eragozteko eta bildutako 50 bat ibilgailu sakabanatzeko.

Istripuaren unean, 02:00ak aldera —udaltzainek alde egin ostean—, Volkswagen Polo batean zihoazen bi hildakoak —atzeko eserlekuetan— eta larri zauritutako pertsona —gidaria—. Kopilotua, berriz, onik atera zen, eta polizia-etxean deklaratu duenez, auto lasterketa ilegalak ikusteko zeuden bertan. Errepidera sartzen ari zirenean beraiekin aurrez aurre talka egin zuen ibilgailua "abiadura handian" zihoan gama altuko BMW urdin bat zen. 23 urteko gidaria istripuaren lekuan gelditu zen, eta egunean bertan identifikatu, galdekatu eta ikerketapean utzi zuen Udaltzaingoak, urtarrilaren 20an epailearen aurrean aurkezteko hitzorduarekin. Droga eta alkoholaren kontroletan negatibo eman zuen.

Ikerketak aurrera egin ahala, eta ikertzaileek lortutako bideoei esker, inplikatutako hirugarren auto baten teoriak indarra hartu du. Joan den ostiralean, urtarrilaren 19an, hirugarren inplikatu bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, bideoen eta matrikularen bitartez identifikatu ostean. Ustez, istripua gertatu zenean BMW gris batean legez kanpoko lasterketa batean parte hartzen ari zen beste BMWarekin batera; eta ezbeharraren ostean, handik ihes egin zuen.

Larunbatean epailearen aurretik igaro ziren bi susmagarri nagusiak, eta biek uko egin zioten deklaratzeari, beren abokatuek gomendatuta. Epaileak karguekin aske utzi ditu biak, bakoitzari hiru delitu egotzita: ausarkeriaz gidatzea eta zuhurtziagabekeriazko bi giza hilketa.

Ikerketak irauten duen bitartean, pasaportea eta gidabaimena kendu dizkiete, Espainiako Estatutik ateratzea debekatuta dute, eta astean behin aurkeztu beharko dira epaitegian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago