Gau tragikoa Gasteizen. Larunbat goizaldean, 02:00ak baino lehen, trafiko istripu larri bat gertatu da Jundiz industrialdeko Jundiz kalean. Antza denez, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin dute, eta istripuaren ondorioz 18 eta 21 urteko bi gazte, neska bat eta mutil bat, hil egin dira; hirugarren pertsona bat, 20 urtekoa, larri zaurituta ospitaleratu dute Txagorritxuko ZIUan. Larunbat eguerdian udaleko iturriek bere heriotzaren berri eman zuten arren, aurrerago ezeztatu dute informazio hori; hirugarren gazteak bizirik jarraitzen du.
Zenbait iturriren arabera, lehenengo bi hildakoak —atzeko eserlekuetan— eta larri zauritutako pertsona —gidaria— Volkswagen Polo batean zihoazen; kopilotua, berriz, onik atera da. Beste ibilgailua gama altuko BMW bat zen. Inplikatutako hainbat pertsona Agirrelandako polizia-etxera eraman dituzte, udaltzainen galderei erantzuteko.
Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak Radio Vitoria irratian baieztatu duenez, Udaltzaingoa gertakariak ikertzen ari da, eta, besteak beste, legez kanpoko lasterketa baten hipotesia —"gazte kedada bat adrenalina bila, tronpoak eta azeleroiak", zinegotziaren hitzetan— aztertzen ari da.